Zaldibiak esku-eskura du Herriarteko finala
Bergarari 3 eta 0 gailendu zaio Resti pilotalekuan jokatu den joanekoan. Itzulikoaren faltan, zuhur baino itxaropentsu daude zaldibiarrak. Sailkatuz gero lehen finala lukete. Beasainek bihar jokatuko du finalerdietako joanekoa Oiartzunen.
Marka egiten ari da Zaldibia Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan. Idiazabal, Altzo eta Andoain kanporatu ondoren, atzo iluntzean finalerdietako joaneko partidak jokatu zituzten Zaldibiak eta Bergarak Resti pilotalekuan. Kanporaketa parekatua izango zela espero zen, eta partida lehiatuak izan arren –batez ere kadeteena eta afizionatuena–, hiruretan nagusitu zen Zaldibia, eta esku-eskura du ekainaren 29an Donostiako Atano pilotalekuan jokatuko den Gipuzkoako Herriarteko finalerako sailkatzea.
Itzulikoa falta da oraindik Bergarako udal pilotalekuan, baina gauzak asko okertu beharko lirateke ez sailkatzeko. Hala balitz, Zaldibiak lehen finala luke herriartekoan 25 parte hartzeren ondoren. Zaldibiarrak zuhur daude oraindik, baina itxaropena agerikoa da. Hiru aldiz iritsi da finalerdietara: 1976. urtean –baina ezin izan zuten jokatu inpugnazio bat tarteko–, 1996an bigarrena eta aurtengoa hirugarrena.
Kanporaketaren emaitzak
Kadeteetan 22-14 irabazi zieten Mantzizidorrek eta Lopezek Bergarako Etxeberria-Etxaberi; gazteetan 22-5 nagusitu ziren Aranburu-Mendizabal Ilarduia-Alberdiren aurka; eta afizionatuetan 22-17 gailendu zitzaizkien Sukia eta Elizegi Etxaniz-Otermin bikoari. Itzulikoa datorren asteburuan jokatuko da Bergara.
Beasain bihar Oiartzunen
Zaldibia ez da finalerdietan dagoen herri bakarra. Beasainek eta Oiartzunek jokatuko dute bigarren finalerdia. Joanekoa hiru partidak bihar dira Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, 17:00etan hasita. Itzulikoak, berriz, datorren asteburuan Beasaingo Antzizar kiroldegiko pilotalekuan.