Belar lanetan nahiko zelebre dabiltza aurten baserritarrak
Eguraldiak ez die batere lagundu orain arte. Eguzkia ikusten dutenean, zalapartaka ibiltzen dira belarra erretiratzen, euriak ez harrapatzeko.
Uda giroa ez da berehalakoan iritsi aurten, eta urtaro horretan sartzeko egun gutxi batzuk falta diren honetan, gutxitan atera da eguzkia eta ez du ia berorik egin. Baserritarrak asko ari dira nozitzen eguraldi kaxkar hori, eta belar lanetan oso atzeratuta dabiltza, nahiko zelebre beste urte batzuekin alderatuta.
Gaur, Brinkola auzoko Zubiaur baserriko Gorospe-Madinabeitia familia ari zen lan horietan Telleriarten, Kortako zelaietan. Atzo ebaki zuten belarra, eta bi egunetako eguzkiaren ondoren, gaur bolatan bildu eta jasoko dute. Nekalde elkarteko Santi Zabaleta ari zen makinarekin bolak egiten. Zubiaurrekoen lana egin aurretik, beste baserri batean ibili da, eta gero, beste zelai batzuetara joango da. Zubiaurrekoak, berriz, bola horiei plastikoa jarriko dien makinaren bila joango dira iluntzean, eta gauera arte ez dute lana bukatuko, “eta bukatu egin behar, biharko euria dago iragarrita eta” zion Ramon Gorospek. Oinatz eta Itoitz bilobek lagunduta ari zen lanean.
Eguraldiak ez die lagundu aurtengo kanpainan, “beste urte batzuetan, garai honetarako ia dena eginda genuen”. Eguzki eta tenperatura hobeen zain daude, belarra fardoak eginda jasotzeko. “Bolatan sartzeko, belarra oso lehor ez egoteak ez du axola, baina fardoak egiteko bai, horregatik behar dugu eguraldi ona”.