Txillida Lantokia, Legazpiko eta inguruko herrietako artisten topaleku
Arte erakusketa dago ikusgai bertan, hilaren amaierara arte, Lenbur Fundazioak eta udalak antolatuta.
Arte erakusketa berezia dago ikusgai hilaren amaierara arte Txillida Lantokian, Topaleku Legazpi izenburuarekin. Txillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko udalak eta Lenbur Fundazioak antolatu dute, eta ostiralean inauguratu zuten Amaia Aizpurua udal zinegotziak eta Lenbur Fundazioko ordezkari Luis Txillidak, Agurtzane Elustondok eta Olatz Condek.
Legazpi, Urretxu eta Zumarragako 600dik gora pertsonek parte hartu dute bertan. Jaiotza Taldea, Xalinko, Ikatza, Txirbil eta Jaiotza elkarteak, Garaguneko, Meazti Etxeko eta Santikutz egoitzako erabiltzaileak, eta Haztegi, Domingo Agirre, Gainzuri, Iparragirre institutua eta UZ Ikastola ikastetxeetako ikasleak izan dira partaideak. Era askotako lanak egin dituzte, eta papera, buztina, argazkia, egurra, margoa… diziplinak landu dituzte. Erakusketarako, horietako 85 besterik ez daude, zozketa bidez aukeratuta. Ikusgai dauden lanen artean, duela gutxi Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarea Saria irabazi duen Txillida Lantoki: Legazpitik mundura bideoa ere ikusgai dago, Batxilergoko lehen mailako Uxue Guridi, Libe Martin, Leire Retegi eta Noa Zubizarreta ikasleek egindakoa.
Ostiraletan 17:00etatik 19:00etara, larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara eta igandeetan 11:30etik 13:30era dago zabalik erakusketa.
Txillida Lekura bisita
Eskultorearen jaiotza gogoratzeko antolatu diren ekitaldien artean, Txillida Lantokia eta Hernaniko Txillida Leku bisitatzeko aukera ere izango da larunbat honetan, hilak 22.
Bisita doan da legazpiarrentzat, eta autobusa izango da Hernanira joateko. Izena eman behar da udaletxean edo www.legazpi.eus webgunean.