Arrondo auzoan San Joan jaiak ospatuko dituzte
Ataunen udako lehen jaiak ostiraletik igandera dituzte, lehiaketa, juntadizo eta su.
Auzoko ekitaldi sortaren artean bereizgarrietako bat den futbolin txapelketak jokatuko dituzte ostiralean, 1:30ean hamabi urtez behekoena, eta 22:00etan helduena. Baztarrikako zelaian karpa muntatuko dute, festalekutarako. Afaltzeko mahaiak ere egongo dira, bai ostiralean, bai larunbatean, etxetik janaria eramanda han jan nahi dutenentzat.
Larunbatean, 16. Mendi Bizikleta Proba egingo dute, 11:00etan. Hiru adin maila bereiziko dituzte, 8 urte arte, 9-12 urte eta 13-15ekoak. Eguerdian, Hilerri punk taldeak kontzertua joko du, eta 16:00etan 33. Mus Txapelketa hasiko da, lau erregera eta hiru ustelera. Bikoteko 12 euro da izen-ematea. Irabazleek txapelak eta 60 euro, bigarrenek Urbietan otordua, hirugarrenek Erauskin harategiko bi txuleta, eta laugarrenek Urbitarteko kaxa sagardoak jasoko dituzte saritzat. Gauean, norberak eramandakoa afaldu ahalko da karpan.
San Joan bezpera
Igandean, azkenik, Olatara ibilaldia (09:00) eta toka txapelketak izango dira, goizean. Umeena 12:00etan hasiko da, eta helduena 12:30ean. Arratsaldean, ume jolasak (17:00), eta auzo afaria (20:30). Kalejira egingo dute aurretik herriko soinu jotzaileekin. Auzo afariaren ondoren, bertsolariak ariko dira: Iban Urdangarin, Aratz Igartzabal eta Iñaki Murua. San Joan sua gauerdi aldera piztuko dute, jaiak bukatzeko