Baserriko Uzta ekimenak Itsasoko Urteaga-Urkulegin egingo du geldialdia
Laborantza ekologikoa eta musika uztartuko dituen egun osoko ekimena izango da.
Euskal Herriko ekoizle ekologikoak biltzen dituen EHKOlektiboak antolatuta Baserriko Uzta ekimena gauzatuko da larunbat honetan Itsasoko Urteaga-Urkulegi baserrian. Gorka Sasieta eta Pilare Muxikak egingo dituzte anfitrioi lanak. Laborantza ekologikoa eta musika uztartuko dituen egun osoko ekimena izango da, baserria bertatik bertara ezagutzeko aukeraz gain, Jon Maia, Gorka Hermosa eta Pello Ramirezen musikaz gozatzeko aukera ere izango baita.
«Baratza ikusi, musika entzun eta bertako jakiak dastatzeko» eguan izango dela aurreratu dute antolatzaileek. 11:00etan bisita gidatu batekin emango diote hasiera egunari, etxaldea eta bertako ekoizpena zuzenean ezagutzeko. Ondoren Maia, Hermosa eta Ramirezen Kantu Bat Gara musika emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Eta eguna borobiltzeko, bertako produktu ekologikoekin osatutako lagunarteko bazkaria egongo da.