Beasain BHI ikastetxeko ikasleen elkartasun keinuak
Zaporeak elkartearentzat elkartasun azoka eta Aspanogiren aldeko lasterketa egin dituzte Beasain BHIko ikasleek, ikasturtean zeharreko lanketa borobiltzeko.
Elkartasun azoka antolatu dute Beasain BHI ikastetxeko DBH1eko ikasleek Zaporeak elkarteari laguntzeko. Asteartea, asteroko azoka eguna dela baliatuz, eskulanak saltzeko postua ipini dute Zubimusu plazan. Goizean goiz, postua ireki dutenetik, “jende asko” hurbildu dela nabarmendu dute. “Gauza asko saltzen ari gara eta oso pozik gaude!”, kontatu dute ikasleek. Esku-muturrekoak, giltzatakoak eta orrien markatzaileak ipini dituzte salgai, zein baino zein politagoa eta koloretsuagoa. “Den-denak guk egindakoak dira, gure eskuekin egin ditugu”, azaldu dute ilusioz.
Beasain BHI ikastetxearen ikasturtean zeharreko lanketaren parte da elkartasun azoka hau. Gizarte arloan lanean dabiltzan elkarte desberdinek egiten duten lana ezagutzen aritu dira, eta borobiltzeko, ekintza desberdinak antolatu dituzte. Horietako bat da Zaporeak elkarteari laguntzeko azoka hau. Hain zuzen ere, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmorik gabeko elkartea da Zaporeak. Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.
Ikasleek eurek kontatu dute, “irakasgaiari esker” ezagutu dutela Zaporeak elkarteak egiten duen lana. Elkartearen inguruan gehiago ezagutzeko, eskolan bertan izan dira elkartean lanean diharduten hainbat kide. “Munduan zehar dauden errealitate desberdinak ezagutzeko balio izan digu, eta oso interesgarria eta garrantzitsua iruditu zaigu errefuxiatuen alde egiten duten lana”, adierazi dute Zubimusuko postutik.
Aspanogiren aldeko lasterketa
Aspanogi (Gipuzkoako minbizia duten adingabeen familien elkartea) ezagutzeko aukera ere izan dute ikasleek. Kasu honetan ere, elkartekideak eskolan izan dira, egiten duten lanaren inguruko xehetasun guztiak emateko gaztetxoei. Minbizia gainditu duten bi gazteren testigantza ezagutzeko aukera ere izan dute. “Interesgarria izan da elkarteko kideak gure eskolara etortzea”, nabarmendu du ikasle talde batek. Lanketa honetan aritu dira DBH2ko ikasleak.
Aspanogi elkarteari ikusgarritasuna emateko helburuarekin, elkartasun lasterketa egin dute gaur Beasaingo kaleetan zehar. 250 ikasle inguruk parte hartu dute eta guztiek zeramaten norberak egindako dortsala. Dortsalaren truke borondatea eman ahal izan dute ikasleek eta bildutako guztia, elkarteari bideratuko diote. Nafarroa etorbidean egin dute lasterketa, eta hiru buelta eman behar izan dizkiote zirkuituari. Ez da irabazle bat izan, denak izan dira irabazle.
Jarraian, bi ekintzetako irudiak: