Idiazabalen hasiko da ostiralean junior mailako Gipuzkoako Itzulia
Goierrin hasi eta amaituko da Gipuzkoako 34. Itzulia. Idiazabalgo erlojupekoak emango dio hasiera, etzi. Legazpiko etaparekin amaituko da, astelehenean, San Joan egunez.
Ostiral honetan hasi eta astelehenean amaituko da junior mailako Gipuzkoako 34. Itzulia. Aurten, iaz bezala, Idiazabalen hasiko da proba, 17:15ean, prologoarekin. Lehendabiziko etapa Mendaron jokatuko da larunbatean, 10:30ean; bigarrena Andoainen igandean, 15:15ean eta hirugarrena eta azkena Legazpin, astelehenean 16:00etatik aurrera.
Junior mailako txirrindulari onenak bilduko ditu Itzuliak, Espainia guztitik etorritakoak. Goierritarrek ere izango dute ordezkaritza, noski. Itzulian izango dira besteak beste, Ampo taldeko Ander Otegi (Zegama), Kepa Ormazabal (Gabiria) edo Ethan Cabanillas (Segura), Ampo Gipuzkoako Jon Lasa (Beasain), Alain Perez (Idiazabal) edo Aitzol Sodupe (Segura) eta Bellota taldeko Enaitz Iraeta (Urretxu) edo Ekain Leizeaga (Legazpi).
Guztira 32 taldek parte hartuko dute eta 179 bat txirrindulari bilduko ditu probak —gehienez sei eta gutxienez lau txirrindulari talde bakoitzeko—. Orotara, 270,6 kilometroko lasterketa izango da Idiazabalgo prologoa eta beste hiru etapatan banatuta.
Idiazabalen hasiera
Idiazabalgo erlojupekoak emango dio hasiera Itzuliari. Txirrindulariak 30 segundoko aldearekin hasiko dira ateratzen 17:15ean Idiazabalgo Kale Nagusiko irteera gunetik. Herrian barrena 2,1 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik Arizkorreta, Olaria eta Ondramiotik igarota. Lehenendabiziko bi etapak gaindituta —Mendaro-Mendaro, 92 km eta Andoain-Andoain, 102 km— Legazpin amaituko da Itzulia astelehenean, San Joan egunez. Guztira, 74,5 kilometroko etapa osatu beharko dute txirrindulariek astelehenean. Legazpin hasiko da lasterketa eta Telleriarte auzoko ermitan izango du helmuga. San Joan jaien azkeneko eguna izango dute auzoan.
Ibilbideak gainditu beharreko portu esanguratsu ugari izango ditu, lasterketari zailtasuna gehituz: Oñati —bi aldiz— Udana, Aztiria, Lierni, Gabiri eta Atagoitiko gainak besteren artean.