Mariluz Cabezas beasaindarrak bere lehenengo eleberria argitaratu du
'La Villa del angel' du izenburua beasaindarraren lehenengo lanak. Adiskidetasuna, maitasuna, gainditzeko grina eta, batez ere, ustekabean bizitzari esanahi berri bat emateko beharraren garrantziaren inguruko hausnarketa da.
Mariluz Cabezas beasaindarrak bere lehenengo eleberria argitaratu du. Gazteleraz argitaratu du, La Villa del angel (Circulo Rojo) du izenburua. Idazleak berak deskribatu duenez, “hizkuntza sinplea eta elkarrizketa atseginak” nabarmentzen dira, “irakurlea errazago sar dadin traman, pertsonaien emozioak eta esperientziak sentitu eta bizi ditzan”.
Egilearen hitzetan “gai asko” jorratzen ditu, “osasun mentala, bullying-a, familia, homosexualitatea, adiskidetasuna, maitasuna, pasioa, gaixotasuna, heriotza, mina,…”.
Laburpena
Luzia bizitzak beti irribarre egin dion neska gaztea da. Erabat maiteminduta eta ama izateko gogo handiarekin ezkondu da. Patuak, ordea, zorigaitz tragiko bat izango du prest beretzat, bikote gaztearen zoriona zapuztuko duena.
Gurasoen eta Pedro lagun leialaren laguntzarekin, bere bizitzaren gidaritza hartu beharko du berriro maite dituen haiengandik urrun. Munduan gogokoen duen lekuan, Toscanan, bere bizitza berriko orriak idazten ari den aingerua nor den jakingo du.
Pertsonaia maitagarriek, eta istorio eta narrazio hunkigarri batek osatzen dute La villa del angel eleberria, irakurlea hasiera-hasieratik lotzen duena. Irakurketa hau, adiskidetasuna, maitasuna, gainditzeko grina eta, batez ere, ustekabean bizitzari esanahi berri bat emateko beharraren garrantziaren inguruko hausnarketa da.