Olaberrian, festen zain
Ostiralean hasiko dira San Joan jaiak, txupina jaurtita. Jarraiko lau egunetan ospatuko dituzte olaberritarrek. Larunbata izango da jardunaldi beteena; haurren eguna ere izendatu dute.
Olaberriko San Joan festak ostiraletik astelehenera ospatuko dituzte, jarraiko lau egunetan. Ohitura duten bezala, zaindariaren egunaren inguruko asteburuan bilduko dituzte ekitaldi gehienak, eta San Joan egunarekin bukatuko da egitaraua. Olaberriko Udala, Kuttun guraso elkartea, Olaberriko Gazte Taldea, Arkupe elkartea, kirolariak eta beste eragile batzuk aritu dira jaiak elkarlanean antolatzen.
Lehen jardunaldian mozorrotzeko deia egin dute. Ostiral arratsean txupina udaletxeko balkoitik botata hasiko dira jaiak. Patata tortilla lehiaketa eta herri afaria izango dira mozorrotuen alaigarri.
Musikari dagokionez, hiru egunetan antolatu dituzte kontzertuak. Azken Sustraiak talde beasaindarraren punk-rock doinuak eta Itzal erromeria talde idiazabaldarraren dantzaldiaz gozatu ahalko da ostiral gauean. Larunbat gaua Puro Relajo talde nafarrak joko du; Aibarko boskoteak doinu mexikarrak ekarriko ditu, beste behin, Goierrira. Maiatzean Beasainen jo zuten, eta uztailaren lehenean Zumarragan ariko dira. Igande gauerako, azkenik, beste talde goierritar bat entzuteko aukera egongo da: The Soulanders, Ordiziako, Lazkaoko eta Ataungo musikariek osatutako soul taldea.
Autobus zerbitzua
Lurraldebusek autobus zerbitzua jarriko du Olaberriko festetan, ostiral eta larunbat gauetan. Ordizia-Beasain-Lazkao-Olaberria bidean bizpahiru zerbitzu jarriko ditu. Ostiralean, joanekoak 22:00etan eta 22:35ean abiatuko dira Ordiziako Garagartza plazatik; itzulikoak, 02:00etan, 02:45ean eta 03:25ean Olaberritik. Larunbatean, Ordizian 20:00etan, 21:10ean eta 21:50ean dira, eta itzultzeko 23:30ean eta 00:10ean. Igandean ez da zerbitzu berezirik egongo, baina GO03 ohiko linea indartuko dute.
Egitaraua
Ostirala, ekainak 21. Mozorro eguna
- 18:30. Txupinazoa, udaletxeko balkoitik. Buruhandien irteera.
- 19:30. DJ Track ibiltaria.
- 20:00. Patata tortilla lehiaketa
- 21:30. Herri afaria.
- 23:00. Kontzertuak: Azken Sustraiak eta Itzal Erromeria.
Larunbata, ekainak 22, haurren eguna
- 10:30-13:30. Jolas parkea eta ur jolasak.
- 13:30. Haurren bazkaria, Arkupe elkartean.
- 15:00. Euskal mitologiako jolasak eta haur txikientzat Montessori gunea.
- 17:00. San Joan pilota txapelketa.
- 18:30. ‘Buala’ ikuskizuna haurrentzat.
- 19:00. Trikitilariak.
- 20:00. Marrazki lehiaketako sari banaketa, udaletxeko ganbaran.
- 20:30. Txerriki dastaketa: Euskal Txerria parrillan erreta.
- 22:00. Puro Relajo taldea.
Igandea, ekainak 23
- 11:30. Herri kirol erakustaldia: haurrak lehenengo, eta ondoren herriko gazteak aizkolariekin.
- 18:30. Loreen bedeinkapena, eliza-atarian.
- 19:00. San Joan arbola zutitzea.
- 20:00. Haatik dantza taldearen ‘Ur’ ikuskizuna.
- 23:00. San Joan sua piztea eta ekitaldia, dantzari, txistulari eta txalapartariekin.
- Ondoren. The Soulanders taldea.
Astelehena, ekainak 24, San Joan eguna
- 11:00. Meza.
- 12:30. Hamaiketakoa.
- Ondoren. Iban Urdangarin eta Eneko Araiztegi bertsolarien saioa.
- 17:00. Haurren krosa eta zinta-karrera.
- 18:30. Pintxo eta sagardo dastaketa, Kuttun elkartearen eskutik.
- 19:00. Zagupe taldearekin jolasak, festak amaitzeko.