EHUko Uda Ikastaroen hiru jarduera hartuko ditu Beasainek
Euskal dantzak, mugikortasuna eta 15 minutuko hiria izango dira aztergaiak. Beasaingo Udalak eta EHUk laugarrenez antolatu dute. Uda ikastaroetako jardueretan parte hartzeko izena eman behar da.
Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroen hiru jardunaldi izango dira Beasainen, Beasaingo Udalaren eta EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren lankidetzari esker. Leire Artola Beasaingo alkatea, Adur Ugartemendia zinegotzia, Maider Kortajarena EHUko Uda Ikastaroetako idazkari akademikoa eta Iñaki Goirizelaia Ateak ireki dantzan ikastaroko zuzendariak eman dute jardueren berri, gaur, Igartza jauregian. Euskal dantzak, mugikortasuna eta 15 minutuko hiriak izango dituzte aztergai Beasainen egingo diren jardueretan.
«Ezagutzaren alde ikuspegi berriak esploratzeko aukera eskaintzen dute EHUko Uda Ikastaroek» Kortajarenak nabarmendu zuenez, eta «jakintza guztientzat irisgarri egiteko hartzaile mota guztien intereseko programa osatu» dutela iragarri zuen.
Euskal dantzak eta diaspora
Lehenengo jarduera, ekainaren 25ean eta 26an izango da, euskal dantza tradizionalen bueltan. Euskal dantzak gazteen formazioan dituen onurak eta euskal kulturara sartzeko eskaintzen dituen aukerak aztertuko dituzte bertan.
Atal teorikoa eta praktikoa jorratuko dituzte, ingelesez eta euskaraz egingo diren saio hauetan. Ateak ireki programari esker, ekainean eta uztailean Euskal Herrian izango diren diasporako gazte euskaldunek ere parte hartuko dute. Formakuntza, irakasle adituek emango dute, eta dantzan.eus-eko eta Aurtzakako ordezkariek ere lagunduko dute.
Mugikortasun aktiboa
Bigarren jarduerak, Biharko mugikortasuna du izenburua eta irailaren 12an izango da. Ugartemendiak azaldu bezala, «berotegi efektuaren %73a suposatzen du mugikortasunak», horregatik, «mugikortasun eredu berriak aztertzea beharrezkoa da». Sektorean erreferente diren enpresa, ikerketa zentro, unibertsitate eta bestelako erakundeen topaleku izango da. Ikastaroa, Unibertsitateko ikasle, irakasle eta profesionalei zuzenduta dago.
15 minutuko hiria
Egun berean egingo dute hirugarren jarduera ere, 15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik izenburupean. Hirigintza eredu berri bat aldarrikatu nahi da honekin, hau da, mugikortasun aktiboa erabiliz herritarrak asetzeko zerbitzu guztiak 15 minutuko tartean kokatu beharko liratekeela, alegia, horretarako zailtasunak dituzten kolektiboak kontutan hartuta ere. Hala, mugikortasun urriko pertsonek hiri eta herrietan mugitzeko dituzten zailtasunak esperimentatzeko aukera izango da gailu desberdinekin.
Izen ematea
Uda ikastaroetan parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du www.uik.eus webgunean sartuta.