Añube disko berriarekin plazara, ataundar ukituz
Egoitz Goikoetxea musikari ataundarra kide duen Añube taldeak bihar aurkeztuko du disko berria, Arrasaten. Taldearen bigarren bilduma da ‘Errautsetatik loratzen’, eta 11 abesti sartu dituzte. Uda betea daukate.
Ataungo musika-harrobi agortezinaren beste adabegi bat da Añube taldea. Debagoienekoak dira kide gehienak, baina, gaur egungo euskarazko musikaren proiektu askotan bezala, ataundar zigilua du. Egoitz Goikoetxea bateria jotzailea da Añuberen zutabeetako bat, eta besapean disko berria dutela berragertuko dira, bihar, Arrasaten (Gipuzkoa). Udako denboraldi lantsuari aire berriekin ekingo diote, Errautsetatik loratzen lan atera berria jendeari aurrez aurre erakusteko irrikarekin batera.
Rock sosegatuaren urmael sakonean aurkitu ditu Añubek disko berrirako printzak. 11 abestirekin osatu dute. «Lehenengo lanaren antzekoa dela esango nuke estiloz eta musikalki. Gitarra gehixeago sartu dugu, agian. Baina bide beretik doa», azaldu du Egoitz Goikoetxeak. 2020an elkartu ziren, eta 2022an kaleratu zuten estreinako bilduma, taldearen izen berekoa. Urte bikoitien oparotasunari segika, 2024an ikusiko du argia sorkuntza berriak.
Lehena, Arrasaten
Disko berriaren aurreneko aurkezpen kontzertua bihar, ostirala, Arrasategko gaztetxean joko dute. Ateak 21:30ean irekiko dituzte, eta 22:00etan hasiko dira kontzertuak. Añuberekin batera, Kaparrak taldeak joko du gero. Sarrera 5 euro da.
Ondoren, San Ferminetako zirkuituei helduko diete: Lesakan (Nafarroa) uztailaren 5ean, eta Iruñean 6an. Uztaileko gainerako emanaldiak Otxandion (13an), Sarrian (19an) eta Mendaron (20an) iragarri dituzte, eta abuzturako beste lau kontzertu lotuta dauzkate. Tafallan, Aretxabaletan eta Mendaron izan ondorne, abuztuaren 30ean, esate baterako, Ataunen joko dute, San Gregorio auzoko festetan.
«Lehenengo lanaren antzekoa dela esango nuke estiloz eta musikalki. Gitarra gehixeago sartu dugu, agian. Baina bide beretik doa»
Egoitz Goikoetxea. Bateria-jotzailea
Arrasateko, Bergarako eta Ataungo sei gaztek osatzen dute Añube. Jon Uribesalgo (gitarra), Beñat Gonzalez (gitarra), Julen Garmendia (saxofoia), Beñat Lizarralde (baxua), Aitor Bedia (kantaria), eta Egoitz Goikoetxea (bateria) zen jatorrizko seikotea. Aldaketa bat izan dute musikarien artean, ordea; gitarra jotzaile bat aldatu dute, lehengoak utzi eta haren lekuan Beñat Abasolo aretxaballetarra hasi baita; The Potes taldeko kide izana da, hango banjo jotzailea.
Diskoak salgai
Errautsetatik loratzen lan berriaren zabalkundearekin ere hasiak dira Añubekoak. Merchandising kontuengatik, kamisetekin batera aurre-salmenta bat egin zuten. CD formatuan eta fisikoki ere argitaratu dituzte diskoak, eta ohiko lekuetara eramango dituzte. Ataunen, Troskaeta eta Urbieta tabernetan badaude dagoeneko, 10 euroan salgai. Hurrengo egunotan argitaratuko dute salmenta-puntu gehiagoren informazioa. Interneten erosteko, muberwear.com atarian sartu behar da.
Lau urte eskaseko ibilbidea du seikoteak, eta bigarren lana ondu dute. Añube izena, Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori abestian aipatzen den «añubian» kontzeptutik hartu zuten; «eguzkia egun osoan sartzen ez den zuloa» esan nahi du. Uda honetan, eguzkia lo dagoen gauetan ere plazaratuko dira Añubekoak.
Punk-rockaren sokakoak diren arren, abesti lasaiak egin ohi dituzte. Zuzenekoei beste modu bateko piperra eranstea gustatzen zaie, ordea. «Abesti lasaiak ditugu, baina zuzeneko bizia», esan izan dute euren musika estiloari buruz.
Aurrerapen gisa, Zentzu bila abestiaren bideoklipa ere igo dute Internetera. 10.000 ikustaldi gaindituak zituen, zintzilikatu eta astebeterako. Ikusmina piztu du disko berriak, lehenengo Añube bildumaren arrakastaren uberan. Arrasateko biharko kontzerturako sarrerak erosteko ere ilarak sortu ziren.