Egunik luzeenari jarraipena, suarekin
Ekainaren 23an ohitura den bezala, San Joan bezperako suak igandean piztuko dituzte Goierriko herri guztietan. Udako solstizioa gaur 22:51n da.
Gaur gauean, 22:51n, iritsiko da uda. Eguraldi zaparradatsuko eta umeleko egunaren ondoren. Udako solstizioa da, urteko egun luzeena, gau motzena. Uda meteorologikoa ekainaren 1ean hasi bazen, uda astronomikoa gaur jaioko da.
Eguzki-argi gehieneko eguna da gaurkoa: 15 ordu eta 27 minutu. Bihartik aurrera, eguna mozten hasiko da, gradualki. Uztail-abuztuetan eguneko 1 edo 2 minutu laburtuko da, eta irailean 2-3 minutu eguneko. Urtaroak irailaren 22ra arte iraungo du, udazkena sartu arte. 93 egun eta 16 ordu. Egunak eta gauak iraupen berdina izango dute egun horretan.
Suarekin ongietorria
Sinismen zaharrek eta ohitura antzinakoek aginduta bezala, goierritarrek suarekin hartuko dute uda. San Joan bezperan, igande iluntzean, suak piztuko dituzte herri guztietan eta baserri eta auzo askotan. Eguzkiaren lurreko oinordekoa da sua, biziaren sustengagarri. Sinbolismo hori berpiztuko dute Goierriko plazetan.
Gaintzan ekitaldi berezia antolatu dute, lehenbiziko aldiz, San Joan bezperarako. Herritar talde batek suaren ibilbidea atonduko du, Kale Txiki aurretik hasi eta plazaraino. Dantzara gonbidatu dituzte gaintzarrak. «Ekimenaren helburua sua, musika eta dantza uztartzea bada ere, batez ere herritarren parte-hartzean oinarritu nahi dugu, su gainetik salto egitearen usadioa indartzea hain zuzen ere», aurreratu dute antolatzaileek.
Ermentari Berriko bide amaieratik abiatu eta plazan jarriko den su-meta nagusira bitarte, dozena erdi bat edo zortzi bat motxorro edo su sorta txiki ipiniko dituzte, suaren ibilbidetxoa osatuz. Ekitaldiaren hasieran piztuko dituzte su txiki horiek, herritar guztiek ibilbidea joan-etorriko batekin osatzeko.
Gaintzako dantzari talde batek ibilbide berbera egingo du ondoren, eta plazako sutondoan elkartuko dira guztiak, sua piztu eta dantzarien emanaldia hasteko. Guztira ordubete inguruko saioa aurreikusten da. Aurretik, Onbide elkartean afari-merienda egingo dute. Goierri osoa argituko du suak, gau laburrena.
Altzaga
- 20:00. Afari merienda.
-
Ondoren. Sua piztea.
Arama
- 17:30. Sutan erreko den panpina egingo dute haurrek.
- 20:00. Sua. Jan-edanak.
Ataun
- San Gregorio: Afaria Artadin, 21:30. Sua 00:00.
- San Martin: Afaria Atsedentokian, 20:00. Ondoren, sua.
- Arrondo: Kalejira, 20:00. Auzo afaria, 20:30. Bertso saioa: Iban Urdangarin, Aratz Igartzabal eta Iñaki Murua. Sua, 00:00.
- Aia, Ergoiena: Auzo guztietan piztuko dituzte suak.
Beasain
- 19:30. Makala altxatzea, Igartzan. San Joanetako soka-dantza; Kantujiraren emanaldia.
- 21:30. Txistularien kalejira Igartzatik Barrendainera.
- 22:00. San Joan soka-dantza. Sua. Obaneuke taldearekin erromeria. Barrendain plazan.
Ezkio
- 20:30. Afaria, Ezkioko elizako arkupeetan (bakoitzak eramanda).
- 22:00. Txalaparta eta sua.
- Ondoren. Txokolatea bizkotxoekin.
Gabiria
- 22:00. Sua piztea. Dantzariak eta txistulariak, pastak eta ardogoxoa. Kurutz-Bakarren.
Gaintza
- 19:30. Afari-merienda herrikoia, Onbide elkartean.
- 21:30. San Joan dantza ikuskizuna, emanaldi berezia suaren ibilbidean. Dantzariak eta herritarrak.
Idiazabal
- 23:00. Sua piztea, futbito kantxan. Dantzak.
Itsaso
- 21:00. Afaria.
- 22:30. Sua piztea eta festa.
Itsasondo
- 22:00. Sua piztea.
Lazkao
- 18:00. Buruhandiak.
- 22:30. Sua piztea. Oin Arin taldeko dantzariak, herritarrak eta txistulariak, musika eskolako trikitilariak: San Joan zortzikoa, Balkarlos, Sorgin dantza. Kantaka abesbatza eta Lazkaoko Musika Banda, ‘Sagarra jo’.
Legazpi
- Ostirala. Sustraiak dantza taldearen jaialdi ibiltaria, Xaukena elektro-txarangarekin, 19:00.
- Larunbata. San Joan erronda Alaitasuna errondailarekin eta Santikutz abesbatzako kideekin.
- Igandea. Armen alardea, Laubide kaletik abiatuta, 18:30. Sua piztea, dantza eta musika, Euskal Herria plazan, 22:30. Ondoren, erromeria.
Legorreta
- 19:00. Afari merienda eta zahagi ardoa; sardinak eta postreak.
- 20:30. Irrintzi Alai dantza taldea eta Elekun abesbatza.
- Ondoren. Sua piztea.
Mutiloa
- Iluntzean. Suak baserrietan.
Olaberria
- 18:30. Lore bedeinkapena, eliza atarian.
- 19:00. Arbola zutitzea.
- 23:00. Sua. Dantzariak, txistulariak, txalapartariak.
Ordizia
- 21:00. Afaria, Plaza Nagusian.
- 22:30. Sua, txalaparta eta dantzak.
Ormaiztegi
- Arratsaldean. Lore koroak eta brotxeak egitea, gizarte etxean.
- Iluntzean. Tantaia jasotzea.
- 21:30. Sua eta festa. Herritarren dantza, kantu eta musika emanaldiak.
Segura
- 23:00. Sua eta herri akelarrea.
- 23:45. Dupla eta Nikotina taldeak, Errebote plazan.
Urretxu
- 18:00. Iparragirre-Balerdi musika eskolako bandaren kalejira.
- 20:00. Hirurrena Santa Barbaran.
- 20:30. Arbola zutitzea, Santa Barbaran.
- 21:00. Lizarriturri txistulari taldea.
- 22:30. Sua, Gernikako Arbola plazan. Dantza, konjuruak, musika, bertsoak, kantua eta txalaparta.
- Ondoren. Uxue Kerejeta eta Andoni Oruesagasti trikitilarien erromeria.
Zaldibia
- 18:30. Txanbolinteroak txistulari taldea.
- 20:00. Sukar taldearen erromeria.
- 21:00. Herri afaria, plazan. Sagardoa txotxetik.
- 22:30. Alamartxo Gaua. Sua. Iztueta dantza taldea.
- Ondoren. Sukar taldea.
Zegama
- 18:00. Arbola jasotzea, herriko txistulariek girotuta.
- 22:00. Sua, herriko plazan. Tobera musika eskolako dantzariak eta txistulariak.
Zerain
- 20:00. Haurren dantza saioa, Uharka abesbatza, sua piztea eta mokadutxoa. Plazan.
Zumarraga
- 20:45. Zumarragako Musika Bandaren eta Antxiñako Ama txistulari taldearen kalejira.
- 22:00. Sua, Euskadi plazan. Musika bandaren kontzertua.