Etzegarateko tuneletan 132 proiektore berri jarriko ditu aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak 680.000 euroan esleitu ditu lanak. Uztailean hasiko dira eta bost hilabete iraungo dute. Argiteria berriarekin urtean %60tik gorako argindar aurrezpena lortuko da.
N-1 errepideko Etzegarate mendateko tunelen argiztapen instalazioak berritzeko lanak esleitu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bide Azpiegituretako departamenduaren arabera, 680.608,48 euroko aurrekontua dute lanek eta 20 astetako exekuzio epea. Uztailean hasiko diren berritze lanek “sistema osoa modernizatzea eta instalazioen energia eraginkortasun maila handitzea dute” helburu.
Maria Ubarretxena foru diputatuak azaldu duenez, “gure errepideak jasangarriago eta eraginkorrago bihurtzeko aurrerapausoa” da lan horiei esker egingo dena. “Oso modu nabarmenean murriztuko da argindar kontsumoa. Urtean kanpoko argiterian 75.000 kwh aurreztuko dira, hau da, % 65; eta tunelaren barnean, aldiz, % 60, urtean 20.000 kwh, hain justu”.
Berritze lanetan argiteria bera eta instalakuntza elektrikoa aldatuko dira, bai aho kanpoan dauden instalazioak eta baita tunela barrukoak ere. Era berean, sistema osoa hartuko da kontuan, hornidura instalaziotik hasi eta behe-tentsioko etxolak barne. Tunel barnean, zehazki 132 proiektore berri instalatuko dira (24 argiteria iraunkorrekoak eta 112 laguntzekoak). Kanpoko argiztapenari dagokionez, instalazio osoa LED argiteriaz ordezkatzea da asmoa, eta nagusiki, sistema berriak egungo 12 metroko kono-enborreko zutabeetan instalatuko dira.
Zirkulazioan ahalik eta eragin txikiena izateko lan guztiak gauez egingo dira. Erreiak moztuko dituzte 22:00etatik 06:00etara bitartean.