Joxe Mari Berasategi zegamarrak Carsonen 'Autobiography of Red' itzuli du euskarara
Joxe Mari Berasategi zegamarrak Anne Carsonen ‘Autobiography of Red’ itzuli du euskarara. Literatura Unibertsala bildumarako egiten duen laugarren itzulpena da.
Anne Carson (Toronto, Kanada, 1950) irakasle eta idazlearen Autobiography of Red. A novel in verse —Gorriren autobiografia. Nobela bat olerki lerrotan— liburua euskarara itzuli du Joxe Mari Berasategi itzultzaile zegamarrak. Liburua Erein eta Igela argitaletxeek sustatzen duten, eta Eusko Jaurlaritzak laguntzen duen Literatura Unibertsala bildumako 189. alea da. Gaur goizean egin dute aurkezpena Donostiako Udal Liburutegian.
1998an argitaratu zuen Carsonek nobela, Herakles eta Herkulesen mitologian oinarrituta. «Mitoaren bertsio moderno bat egin zuen, istorioa XX. mendeko Amerikara ekarrita», azaldu du Berasategik aurkezpen ekitaldian. «Genero nahasketa» da Carsonen idazketaren ezaugarri nagusia non, poesia, saiakera, literatura kritika era beste prosa batzuk nahasten dituen bere estilo «bitxi eta irudimentsuan».
Berasategiren laugarrena
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak Berasategiren lana goraipatu du, Carsonen nobela euskarara ekartzeko «itzultzaile ezin egokiagoa» dela iritzita. «Kultura handiko itzultzailea behar du izan desafio honi aurre egiteko», ondorioztatu du. Literatura Unibertsala bildumari keinu eginez, nobela hau euskaraz irakurri ahal izatea «opari bat» dela ere gaineratu du.
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteko Isabel Etxeberriak bere aldetik, bilduma honetarako Berasategik egiten duen laugarren lana dela gogoratu du. Aurretik itzuliak ditu Kate Chopinen Ekaitza: eta beste 34 ipuin; Maryse Conderen Bihotza hegan eta irri: Ene haurtzaroko istorio egiazkoak eta Marina Tsvetaievaren Ene anaia femeninoa: gutuna amazonari eleberriak, «lauak emakumezko idazleen lanak», azpimarratu du. Udazkenean, Elsa Morante idazle italiarraren Arturoren uhartea gehituko da bildumara.