Lazkaoko EH Bilduk udal legealdiko lehen urtearen balorazio ezkorra egin du
Gobernu taldearen itxikeria eta ezezko jarrera salatu ditu koalizioak, eta hizkera "gero eta zakarragoa" eta zenbait gaitan "gogo falta" daukatela egotzi dizkio. Proposamenak emateko prozesuan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Lazkaoko EH Bilduk astearte iluntzean egin zuen udal legealdiko lehenbiziko urtea baloratzeko batzarra, udaleko taldearekin eta herriko afiliatu nahiz jarraitzaileekin. Udalak eratu zirela urtea bete da, eta hurrengo hiru urteetarako ildo nagusiak finkatu ere finkatu dituzte.
Aurreneko urtearen balorazioa ez dela positiboa iritzi dio EH Bilduk. EAJren gobernu taldearen jarrera salatu du: “Ateak itxita aurkitu ditugu hurbildu garen bakoitzean. ‘Ez’ izan da jaso dugun erantzun bakarra”, deitoratu dute, prentsa ohar batean. Ezezkoak legealdi osorako proiektu komunen plangintza bat adosteko, bi alderdien harremanak “emankorragoak” izateko, edo mozioetan ekarpenak sartzerakoan jaso dituztela zehaztu du.
Formak ere zakartu egin dituela udal gobernu taldeak deitoratu du EH Bilduk: “Egindako proposamen guztiei ezezkoa, gainera, gero eta hizkera zakarragoaren bidez ari gara jasotzen. Argudioari argudioarekin erantzuteko gai ez denaren hizkera darabilte, solaskidearen deskalifikaziora jota”, jarraitzen du oharrak. EH Bilduko zinegotziei “etxekalteak” izatea, “arinkeriaz jokatzea” edo “zertan ari diren ez dakiten ezjakinak” izatea leporatu dietela ziurtatu dute.
Arlo batzuekiko “nagikeria”
Horrez gain, zenbait arlotan udal gobernu taldearen jarrera ere kritikatu du EH Bilduk. HAPO Hirigintza Antolamenduko Plangintza Orokorra berritzea ekiteko “nagikeria”, berdintasun gaien aurrean “jarrera hotza” edota parte-hartzean “gogo falta” dituela EAJren udal taldeak gaineratu du koalizioak. “EH Bilduren jarrerak lehengo bera izaten jarraitzen du: jarrera eraikitzailea eta propositiboa. Lehenengo urtebete honetan izan ez dugun harremanetarako bidea datozenetan izango dugun itxaropenaz ekingo diogu ikasturte politiko berriari”, aurreratu du.
Hala, irailetik aurrera estrategikotzat hartu dituen ildo batzuk markatu ditu: “Parte-hartze prozesua, HAPO eta gizarte hobearen eraikuntzan lanean jarraitzea, berdintasunaren, hizkuntzaren, kulturaren eta kirolaren bidetik”.
Udalak berriki 2025eko aurrekontuko 200.000 euro zertara bideratu herritarrek proposatzeko ekimena begi onez ikusi du EH Bilduk, eta herritarrak animatu ditu parte hartzera. Alderdiaren iritzian garrantzitsuak diren zenbait gai mahai gaineratu ditu, bestetik: baso-lurrak erosteko diru-sail bat bideratzea, zaintzaren arloa edo etxebizitza eskubidea bermatzea.
HAPO berritzeko prozesuan, behin ekaineko osoko bilkuran teknikari-zerbitzuak kontratatzeko pleguak onartuta, irailetik “buru-belarri lanean hasteko moduan” izango direla gogorarazi dute, bestetik. “Hor erabakiko dira herria etorkizunean zenbateraino hazi ahal izango den, zer lur-eremu izango dituen berdegunetara bideratuak, zein bizilekutara eta bakoitzeko etxebizitza-dentsitatea, eta zein jarduera ekonomikoetara, industrialetara nahiz zerbitzuetara”.
Aurrekontu parte-hartzaileetan eta HAPOren berrikuntzan “eragitera” deitu ditu EH Bilduk lazkaotarrak, baita genero-berdintasun falta borrokatzera, euskararen tokia berreskuratzera, kultura lanketara eta kirolera ere.