Aldundiak Beasain aukeratu du Kalelagun aurkezteko
Kalelagun proiektuak Gipuzkoako hainbat espazio publiko eraldatzeko erronka du. Adin ezberdinetako jendea saretu nahi dute espazioaren bidez. Europako bost herrialdetako ordezkariak proiektua bertatik bertara ezagutu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Beasaingo Igartza jauregian Kalelagun proiektua aurkeztu du gaur goizean. Gipuzkoako hainbat eremu eraldatuko dituzte, belaunaldien arteko harremanak errazteko. Nahi gabeko bakardadeari aurre egin nahi diote era honetara. Ekimena Gipuzkoako Hariak estrategiaren barruan kokatzen da.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia egon da aurkezpenean. Esan du, “kalitatezko espazio publikoak” diseinatzea dela helburua, “gizarte harremanak eta belaunaldien arteko harremanak errazteko, nahi gabeko bakardadeak arintzeko eta Gipuzkoa harremanen lurralde gisa indartzeko”. Gipuzkoako Foru Aldundiaren zahartzearen arloko berrikuntzarako Adinberri fundazioaren babesa du, eta Caviar EHUko Arkitekturako Bizi Kalitatearen Ikerketa Taldeak gauzatu du, Beasaingo Udalarekin lankidetzan.
Europako bisitariak
Ekimena Korale proiektuaren barruan kokatzen da. Bakardadea politika publikoetatik prebenitu eta jorratzeko plan bat da. Bertan, Gipuzkoaz gain, Europako beste bost herrialde ari dira kooperazioan: Austria, Danimarka, Irlanda, Belgika eta Portugal. Herrialde hauetako ordezkariak izan dira Beasainen.
Interreg Europek Gipuzkoa hautatu du lehenengo geraleku bezala. Ekainaren 19an, 20an eta 21ean, bost herrialdeetako ordezkariek zuzenean ezagutu dute zertan datzan Gipuzkoako Hariak estrategia, eta esperientzia zehatzetan sakondu dute, hala nola Beasaingo Kalelagun proiektuan.