Bederatzi proposamen berrirekin dator Igartza Musika Zikloa
Uztailaren 4an jarraituko du urteko programazioak, Hutsun txalaparta taldearekin eta Jel triorekin. Abenduaren 22ra arte iraungo du.
Beasaingo Udalak Igartza Musika Programaren bigarren sei hilabeteko egitaraua aurkeztu dute gaur, Igartzako Jauregia, kultura eta musikaren aldeko apustu “sendoaren” konpromisoari eutsiz. Leire Artola alkateak nabarmendu duenez, “goren mailako” bederatzi musika proposamen izango dira, “aniztasun handia” izango delarik, “publiko zabalenera iristeko helburuarekin”. Uztailaren 4an jarraituko du urteko programazioak, eta abenduaren 22ra arte luzatuko da. Arantxa Gastesi Igartza zikloaren antolatzaileak gogoratu du, “2016an, Xabier Sarasolarekin batera” abiatu zutela ekimena. Zortzi urte hauetan, “18 musikari gazteek jaso dute Igartza Musika Beka; 52 talde handik parte hartu dute; 1.000 musikari baino gehiago; pandemia bat ere gainditu dugu;…”. Ibilbide “oparoa” egin du, eta aurrerantzean ere musikaren alde “apustu” egiten jarraitzeko konpromisoa erakutsi du.
Jarraian, urte amaiera arteko kontzertuen informazioa:
Uztailak 4. Hutsun txalaparta taldea eta Jel trio
Estilo, sonoritate eta bide musikal berriak esploratzeko jakin-minetik sortu zen proiektu berritzaile eta etorkizun handiko hau. Euren ardatza da jazza, tangoa eta euskal musika tradizionala fusionatzea. Jel Trio, jazzak elkartutako ibilbideak dituzten hiru musikarik osatzen du: Javier Lopez Jaso (akordeoia), Marcelo Escriche (kontrabaxua) eta Juanma Urriza (bateria). Eta Hutsun txalaparta taldea, Mikel Urrutia eta Anai Gambra Uriz, egurrezko eta harrizko txalaparta jotzaileak osatzen dute. Tradizioari lotutako musikariak dira, baina berrikuntzarekin eta txalapartaren garapenarekin konprometituak. Erauskin plazan izango da, 20:00etan hasita.
Uztailak 7. Hodeiertz, Oroith eta Loinatz abesbatzak
Maurice Durufle-ren requiem-a abestuko dute hiru taldeek. Oscar Rodriguez izango da organoan, Maria Izaga mezzo-sopranoa, Julen Garcia baritonoa eta Enrike Azurzak egingo ditu zuzendari lanak. Hodeiertz abesbatzako zuzendaria den Enrike Azurzak bultzatutako proiektua da. Jatorriak badu bere bitxikeria: Alde batetik, Oscar Rodriguez organista gaztea, Hodeiertz abesbatzaren denboraldi bateko zuzendaria izan da, eta Holandara doa beste proiektu batzuk garatzera.
Azurzak segituan ikusi zuen organista handi honek eskaintzen duen aukera aprobetxatu behar zela joan aurretik. Eta pentsatu zuen koru eta organorako obra handi batean, Maurice Duruflee-ren Requiem-a, Gabriel Faure-ren ikaslea izandakoa, aurten heriotzaren mendeurrena ospatzen dena. Era berean, pentsatu zuen beste abesbatza batzuekin lankidetzan aritzea, eta bide batez, organoa dagoen herrietan. Horrela sortu da proiektu handi hau, 70 ahots inguru elkartuko dituena.
Andre Mari Zeruratuaren parrokian izango da emanaldia, 19:00etan hasita. Bost euro balio du sarrerak.
Abuztuak 1. Swingtronics
Bost musikarik osatutako taldea da Swingtronics, eta electroswing musika egiten dute. Oinarri elektronikoak funtsezkoak dituzte euren errepertorioan, jazzeko estandarren cover-ak euren estilo berezira egokitzen dituzte, eta beste genero batzuetako piezekin konbinatzen dituzte. Oso berezia. Erauskin plazan izango da, 20:00etik aurrera.
Irailak 8. Suhar abesbatza
Gizonezko ahotsez osatutako abesbatza da Suhar, Esteban Urzelaiek zuzentzen duena. Ander Sarriegi tenore beasaindarrak abesten du bertan, eta Loinatz abesbatzako zuzendaria den Aitor Garitanok ere. Ibilbide oparoa du taldeak. 2023a, urte handia izan zuten lehiaketei begira: Eslobenian, Mariborko 17. Gallus Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan 2. saria eskuratu zuen; Publikoaren saria lortu zuen Iacobus Gallus konpositorearen obra baten interpretazio onenarekin; Tolosako 54. Abesbatza Lehiaketan 5 sari bereganatu ditu, lehen saria polifonian, lehen saria folklorean, publikoaren saria, euskal obra baten interpretazio onenaren saria eta lehiaketako Sari Nagusia. 2024an ere, sariketa garrantzitsuetan izango dira, hala nola, Pekingo 17. International China Chorus Festival-en eta Varnako (Bulgaria) Europako Kantu Koraleko Sariketa Nagusian. Beasainen, Igartza Jauregian izango da kontzertua, 19:00etan.
Urriak 4. Idoia Asurmendi
Urte eta erdi oholtzetatik urrun egon da Idoia Asurmendi, bere bigarren diskoa grabatzeko, eta hori da Igartza zikloan aurkeztuko duena. Hasierako abestietan, folk-a, pop-a edo bossa-nova beldurrik gabe nahasten bazituen ere, oraingoan, pianoak zuzendutako melodia handiak aurkeztuko ditu, soinu organikoa, akustikoa eta lur zaporearekin. Usurbe Antzokian egingo du kontzertua, 20:30ean. 12 euro balio du sarrerak.
Urriak 29. World Vision Korea Children’s Choir
Tolosako abesbatza lehiaketan izango da World Vision Korea Children’s Choir eta Beasainen ere egingo dute geldialdia. Haur eta gazte abesbatza da, 40 ahotsez osatutakoa. World Vision abesbatza, Koreako gerraren ondorioz umezurtz, gaixo edo pobrezia-egoeran geratu ziren haurrei laguntzeko sortu zen. Ibilbide arrakastatsua izan dute urteetan zehar. Gaur egun, Bomi Kim da zuzendaria.
Abesteaz gain, bisualki ere gauza ikusgarriak egiten dituzte, koreografia atseginak eta oso erakargarriak. Loinazko San Martin basilikan izango da, 19:00etan.
Azaroak 17. Sustraien matxinada
Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Gorka Hermosa akordeoi jotzailearen proiektua da Sustraien matxinada, non tradizioak eta berritasunak bat egiten duten: euskal kulturaren XXI. menderako ikuspegi berri bat proposatzen dute. Euskal Herriko eta iberiar penintsulako folklorea, jazzaren askatasuna eta musika klasikoa dituzte erreferentzia. Dudarik gabe, bi artista handi hauek erreboluzioa dakarte euren musika tresnekin, txistu eta akordeoiaren nazioarteko erreferentzia bihurtuz. Igartza jauregian izango da, 19:00etan.
Azaroak 30. Igartza musika beka
Beasaingo Udalak, musika sormenaren laguntzan urrats bat gehiago emate aldera, Igartza Musika Beka sortu zuen 2016an. Beka honen helburua da, Euskal Herrian kultura sustatzea eta musika hedatzea, bereziki goi mailako musika-hezkuntzaren esparruan. Horregatik, Beka Musikenen ikasten ari diren ikasleentzat zuzendua dago.
Parte-hartzea urtero urtero igotzen ari da. Hasieran 16 izan ziren, baina iaz, 41 hautagai izan ziren. Musikenek berak ere gero eta Master desberdin gehiago eskaintzen ditu. Aurkezten diren espezialitateak ere oso anitzak dira. Ohiko moduan, Igartza jauregian izango da, egun osoan zehar.
Abenduak 22. Narama eta Loinatz abesbatza
Beasaingo Musika Eskolako Narama abesbatzak, Loinatz abesbatzarekin batera, eguberritako kontzertua eskainiko dute, Vinaixa Gartziak eta Aitor Garitanok zuzenduta. Loinazko San Martin basilikan izango da, 19:00etan.