Iraganera bidaia sustraien bila
Kristina Galarraga Zeberio idazleak ‘Regreso al pasado’ eleberria argitaratu berri du. Sustraien bila Zumaiara bidaia egiten duen geologo gazte baten istorioa kontatu du. Idazle ordiziarraren seigarren eleberria da, zazpi urtetan.
Donegal konderritik Zumaiara (Gipuzkoa) doan 23 urteko Arlene izeneko irlandar geologoaren istorioan murgiltzeko gonbita luzatu du Kristina Galarraga Beasainen bizi den idazle ordiziarrak, Regreso al pasado bere seigarren eleberriarekin.
Galarragaren irudimen apartaren erakusle da lan berri hau. «Etengabe nago istorioak ehuntzen nire buruan. Gauak dira nire inspirazio iturri, eta idaztea, terapiarik onena» aitortu du idazleak. Ioseba eta Axier semeak ere hauspotzen dute idaztera, eta hain zuzen ere, haiei eskainitako hitzak daude liburua ireki eta lehen orrian. Barru-barrutik ateratzen zaio idazteko pasioa, «sentitzeko, askatzeko, egiteko eta desegiteko aukera ematen dit, baita bidaiatzeko ere, leku berriak ezagutzeko, eta ezagun ditudan haietara itzultzeko», borobildu du.
Oroitzapenetatik tiraka
Ez da kasualitatea Zumaian kokatzea istorio hau, «txikitako oroitzapenak ekartzen dizkit, hain da paraje berezia…» utzi du idazleak irudimena aske, sakon arnastuz, kresalaren usaina bilatu nahian bezala. Flyschak, labar malkartsuak eta hirurogei milioi urteko antzinatasuna duten egitura harritsuak arakatzea du helburu istorioko pertsonaia nagusietako bat den Arlenek.
Zumaian, Loreen etxean bizi den eta bere oroimenaren kutxan hamaika istorio gordetzen dituen 82 urteko emakumea, Amelia, ezagutuko du Irlandako ipar-mendebaldetik etorritako gazteak. Bien artean oso harreman berezia sortuko da. Ameliaren konfiantzazko lagun bihurtuko da Arlene, iraganeko aztarnak sendatzen lagunduz. Martinek, itsas gizonaren maitasun sareetan urteetan harrapatuta egon izanagatik, eta Juliak, 18 urterekin ingelesa ikastera Dublinera joan eta sekula bueltatu ez zen alabak utzitako minak ditu Ameliak. Arlenek berak ere, maitasun istorio bat biziko du Migelekin, Zumaiako janari dendako arduradunarekin.
«Etengabe nago istorioak ehuntzen nire buruan. Gauak dira nire inspirazio iturri, eta idaztea, terapiarik onena»
«Oroitzapenen korapiloak askatu behar dira, eta iraganean gertatutakoa onartu, aurrera jarraitzeko»
Arlenek, iraganera bidaiatzen du deja vu ezberdinen bidez, hainbat gertaera gogora ekarriz. Lurraren liburu geologikoa irekitzean, bere zuhaitz genealogikoa aurkitzen du, bere leinuan, euskal sustraiak eta erroak ere badituela deskubrituz.
Oroitzapenetatik tira egin nahi horretan kokatu ditu istorio honetako pertsonaia nagusiak. «Iragana gara, izan ginelako gara, horregatik, iraganera bidaia bat nolakoa izango litzatekeen eta sustraiak aurkitzeak zer ekarriko lukeen ikertu nahi izan dut», azaldu du Galarragak. «Oroitzapenen korapiloak askatu behar dira, eta iraganean gertatutakoa onartu, aurrera jarraitzeko, oraina gogotsu bizitzeko eta etorkizuna itxaropenez eta ilusioz bizitzeko», gaineratu du.
Idatzi duen azkeneko liburua labetik atera berri eskuetan duela «pozik» dago emaitzarekin. «Irakurtzeko arina, prosan idatzia, eta literatur baliabide ugarirekin jantzia da», gerturatu nahi izan ditu irakurleak. «Asko disfrutatzen dut istorioak sortzen, forma ematen, eta pertsonak, lekuak, sentimenduak,… deskribatzen, irakurlea eleberriak biltzen duen guztiaz bustitzeko», aitortu du.
Bide oparoa
Beasaindarrak bere seme Axierren bizitza ohoratzeko duen nahitik sortu zen Galarragaren lehen liburua. Una vida contigo (MP, 2018) Axierren bizitza kontatzen du eta oroitzapenen kutxa bat da autorearentzat. Idazle gisa ibilbide sendo baten hasiera izan zen. Ondoren argitaratu zituen Retales de Vida (2019), Eleonora, la hija del bosque (Rubric, 2020), Izadi, un canto a la vida (Rubric, 2021), La mirada de Mikel (Rubic, 2021) paperean eta audio-liburu formatuan aurki daitekeena, Paula, la aviadora de las estrellas (Rubric, 2022) eta Cartas a Maria (Rubric, 2023) lanak. Gainera, 2022an, beste autore batzuekin 15 miradas al amor errelato laburren liburuan parte hartu zuen. Guztiak ezberdin baina, aldi berean, guztiek erakusten dituzte, gozotasuna eta adeitasuna, maitasuna eta ulermena.
Regreso al pasado, azkena, eskuragarri dago, Oriamendi Estankoan, Dolarea Hotelean, Jon Aranburu Loteria dendan, Rubric argitaletxearen webgunean eta, idazlearekin harremanetan jarrita, sare sozialen bidez.
Liburuaren aurkezpena uztailaren 3an izango da, Igartzan, 19:00etan.