Zaldibiak Herriarteko finala jokatuko du, historian lehen aldiz
Bergarari nagusitu zaio finalerdietan (5-1), eta gaur zortzi Donostiako Atano III.ean jokatuko den finalean lehiatuko da Oiartzunen aurka. Azken horiek Beasain kanporatu dute (2-4).
Zaldibiar askoren memorian iltzatuta geratuko den eguna izan zen atzokoa. Joan den ostiralean Zaldibiako Resti pilotalekuan hiru partidetatik hirurak irabazita, Bergarako udal pilotalekuan jokatu zituzten atzo Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finalerdietako joaneko partidak, eta hirutatik bi irabazi zituzten, kanporaketan 5 eta 1 nagusituz. 25. parte hartzea du Herriartekoan, eta historian lehen aldiz lortu du Zaldibiak finalerako sailkatzea.
Beste finalerdian Beasainek ezin izan zuen ezer handirik egin Antzizarren Oiartzunen aurka. Madalensoron nagusiek soilik irabazi ahal izan zuten, eta atzo gauza bera gertatu zen. Kanporaketa 4 eta 2 bukatu dute.
Bergaran, hirutik bi irabazi
Etxeko hiru partidak irabazita finala esku-eskura zutela jakitun ziren zaldibiarrak, baina zuhur zeuden. Hala zioten klubeko arduradunek partidaren atarian, ez dela zintzarririk erosi behar behorra eskuratu aurretik. Aste osoan beste konturik ez, eta zaldibiar ugari joan zen atzo Bergarara herriko pilotariak animatzera.
Espero bezala, kadeteena partida lehiatua izan zen oso, eta azkenean bergararrak nagusitu ziren: Etxeberria-Etxabe 22-17 Mantzizidor-Lopez. Sailkapenik ez ziurtatuta artean.
Gazteena oso bestelako partida izan zen, eta zaldibiarrek erraz antzean irabazi zuten, finalerako matematikoki sailkatzeko behar zuten laugarren puntua lortuz: Ilarduia-Alberdi 8-22 Aranburu-Mendizabal. Arnasa lasai hartzeko momentua izan zen hori, elkar besarkatzekoa, gozatzekoa.
Nagusien mailako partida erabakigarria ez bazen ere, kiroltasun eta ohore kontua da kantxan dena ematea, eta halakoxeko partida atera zen. Azken tantoetan markagailua irauli, eta zaldibiarrak garaile: Etxaniz-Otermin 21-22 Sukia-Elizegi.
Andoainen final laurdenetako kanporaketa gainditutakoan bezalaxe, taldeko argazkia atera zuten ehundik gora lagunek Bergaran.
Astearte arratsaldean Donostiako Atano III.ean entrenamendu saio bat egiteko aukera izango dute zaldibiarrek. Finala hilaren 29an da, 16:30ean hasita.
Beasainek ezin Oiartzunen aurka
Oiartzunen aurkako kanporaketa aldapa gora zuen Beasainek, eta ez zen ezustekorik izan. Madalensoron jokatutako joaneko partidetan bezalaxe, nagusiek soilik lortu zuten euren partida irabaztea. Kadeteetan eta gazteetan nagusitu ziren oiartzuarrak. Hauexek emaitzak: Kadeteetan Goikoetxea-Sanchez 3-22 Oiartzabal-Etxeberria; jubeniletan Madina-Landa 15-22 Olaiz-Lasa; nagusietan Azketa-Garmendia 22-9 Zabaleta-Aranburu.