Badator Goierriko Jazzaldia
Uztailaren 4tik 6ra bitartean, Ordizian izango da. Egitaraua aurkeztu dute antolatzaileek.
Uztailaren 4tik 6ra bitartean izango da aurtengo Goierriko Jazzaldia. Iaz hamargarren bete ondoren, “indartsu” datoz gainera. “Goierriko Jazzaldia erabat egonkortu zaigun jazzaldi batean bilakatu zaigu duela urte batzuetatik hona eta dagoeneko, aurkezpen beharrik ez du jazz musikarien artean, ekitaldiak gure herri eta bailararen mugetatik kanpo ere sona lortu baitu”.
Goierriko Jazzaldiaren lehen helburua, “Goierri eta inguruko bailaretako biztanleei (haur, gazte eta heldu) jazz musika gerturatzea izan da, eta xedeak bere horretan jarraitzen du, azken finean hori baita Goierriko Jazzaldia antolatzen hastearen arrazoi nagusia”. Jazzaldia Araman eta Ordizian antolatu izan da aurten arte, baina aurtengoa aldiz, bere osotasunean Ordizian antolatuko da.
Egitaraua:
- Uztailak 4, 22:00, Udaletxeko Arkupeetan: Geraldine. Geraldinek, Ricardo Urrutiarekin 2023an argitaratu zuen Urdina lana aurkeztuko du Goierriko Jazzaldian. Ahots eta gitarraren soinu minimalistak berebiziko giroa sortzen du, eta bizipozaren eta malenkoniaren arteko bidaian murgiltzen gaitu. Geraldineren ahots goxoak Ricardo Urrutiaren gitarrarekin bategiten du, instrumentu bakarra balira bezala. Proposamen honek, euskarazko, ingelesezko eta portugesezko abestiak bilduta, jazz eta bossa nova estandarrak ikuspegi eguneratu eta berritzaile batetik irudikatzera gonbidatzen gaitu. Urdina. Ura eta haizea. Iraganeko konpositoreengan inspiratuta eta orainaldira ekarritako proiektua.
- Uztailak 5:
- 19:00etan, Plaza Nagusian: Lipe Court Band. Filipe Bittencourt, Ilhéus-en (Bahia, Brasil) jaio eta hazi zen, erritmo afro-brasildar bizietan murgilduta hain zuzen ere. Gaztetatik, samba, bossa nova, axé, forró eta Brasilgo Herri Musikaren aberastasuna xurgatu zuen, bere izaera artistikoan sakon integratuz. Duela 16 urte baino gehiago Donostiara etorri zen, eta hemen bere bilakaera musikalarekin jarraitu du, bere erroak rock eta funk bezalako soinuekin uztartuz, bere izaera aberastuz eta bere aldakortasuna handituz.
- 20:30ean, Plaza Nagusian: Irati Bilbao. Begin da Euskadiko jazzaren ahots errebelazioaren, Irati Bilbao-ren, proiektu pertsonalaren lehen diskoa. Konposizio eta moldaketa oso pertsonalek osatzen dute bere lehen diskoa, hitz propioz, xehetasunez eta arimaz beterik. Bere gaitasun tekniko handia eta sentsibilitate oso pertsonala dira bere lehen lanaren zutabeak, eta horrez gain, hirukote zoragarri batek bere adierazpen artistikoa gailurrera eramateko lekua aurkitzen du, askatasun eta sormen mugagabeekin moldaketak sartuz, eta fintasunez eta arretaz gai bakoitza haziz. 2020an, Durangoko II. Abesti Feministen Lehiaketaren irabazlea izan zen ‘Hopefully My Prince Won’t Come’ abestiarekin, eta urte berean, Deba Jazzez Blai jaialdiko jazz banda lehiaketako lehen saria irabazi zuen. Goierriko Jazzaldian, Irati Bilbao bere lehen diskako abestiez gain, irailean argitaratuko duen bere diska berriko abestiak aurkeztuko ditu.
- 21:3ean, kaleetan: Burrunbazale. Burrunbazale txaranga 2006an Ordiziako Beti Argi bandako kideek osaturiko txaranga bat da. Betiko txaranga emanaldiez haratago, eta txarangei aurrikusten zaizkien musika emanaldiez haratago, oraingo honetan, Goierriko Jazzaldiaren hamargarren urteurrena omenduz, kalean zehar jazz musika alaia barreiatzeko asmoarekin datozki. New Orleanseko marching band batek eskainiko lukeen musikaz gozatzeko aukera eskainiko du Burrunbazalek. Kontzertu honen helburua, Goierriko Jazzaldia osoaren helburuari eutsiz, jazz musika jendeari ahal bezainbat gerturatzea da.
- 23:00etan, Plaza Nagusian. The Wilsons Organ Trio. 60 eta 70 hamarkadetako soinuak oinarri harturik soul eta blues-a nahasten dituen hirukotea da The Wilsons Organ Trio. Taldea Fredi Pelaez, Iker Piris, eta Andy Martin-ek osatzen dute, eta hiru musikarien esperientziak originaltasun eta kimika berezia ematen dio taldeari. The Wilsons Organ Triok kontzertu estimulagarri bat eskainiko digute Goierriko Jazzaldian, “blues-a aspergarria da” esaldiari itzulia emateko asmo garbi batekin. Fredi Pelaez (Pianoa, hammond-a), Iker Piris (gitarra), eta Andy Martin-ek (bateria) osatzen dute taldea.
- Uztailak 6:
- 19:00etan, Plaza Nagusian. Ordiziako Musika Eskola – Bosswing Jazz Band. Ordiziako Musika Eskolako musikari helduen taldea, Bosswing Jazz Band deitua, aurreko edizioetan programatutakoaren antzera, urteko aurrerapenak erakustera etorriko da. Ordiziako Musika Eskolako irakasle den Edorta de Pedrok zuzendua da taldea. Ikasle helduez osaturiko talde honek gaur egungo musika hartu eta big band estilora ekarriko du kontzertu alai eta gozagarri bat eskainiaz. Goierriko Jazzaldiaren antolatzaileentzat garrantzitsua da oso Goierriko Musika Eskolekin harremana mantentzea, eta horretan indar bat egiten dute jazzaldiaren lehenengo ekitalditik.
- 20:30ean, Plaza Nagusian: Motelas. Donostiako oholtzan ohikoak dira Alberto Bosch (baxua) eta Txenan Calvo (gitarra), elkarrekin ibili izan baitira Los Patos, Blues Stop eta Lau Behi bezalako proiektu eta kolaborazioetan. 2020an, Iñigo Elena, “Helen” The Amendois taldekoa (ahotsa eta letrak) eta Adrián Viñas Luma taldekoa (bateria), elkartu zitzaizkienean jaio zen Motelas taldea. Esperientzia handiko lau musikariek bat egiteko toki ezin hobea amankomuneko eraginak garatzeko. Eragin horiek jadanik nabarmenak ziren 2021eko Sunset Tapes izeneko lehen lanean. Zuzenean grabatutako diskoa izan zen, gitarra amorratuen eta blues eta rock amerikarraren kutsua duten melodien soinu gordin eta organikoarekin, inolako artifiziorik gabe, taldearen konposizioak eta musikarien kalitatea bere horretan, hori besterik ez. Gutxi balitz bezala. Alberto Bosch (baxua), Iñigo Elena ‘Helen’ (ahotsa), Txenan Calvo (gitarra), eta Adrian Viñas-ek (bateria) osatzen dute taldea.
- 23:00etan, Plaza Nagusian: Henry Spencer. London hirian egoitza duen Henry Spencer tronpetajole eta konposatzailea saritua da. Henry Spencer bere taldearekin nazioarte mailako birak egina da, eta aurten, Goierriko Jazzaldian bere lan berria, The Defector izenekoa, aurkeztera etorriko zaigu. “Izen handi bat gure jazzaldian!!”. New Yorken Dave Darlington Grammy saridunarekin lanean aritu ondoren bere albuma UK/AEBko Whirlwind Recordings diskoetxearekin argitaratu du. Lan honek, aurreko bere lan guztiek bezala, kritika oso onak jaso ditu. Jazz, rock eta minimalismoa ukituz, bere musikaren “dimentsio dinamiko harrigarria” (Manchester Jazz Festival) Henry-ren “teknika ikusgarria”rekin (The Guardian) batzen da, energia bizi, sutsu eta gordina azaleratuz, eta zentzu guztiak piztuaz. Une goxo eta intimista eskaintzen du Henry-k eta bere taldeak kontzertuan, emozionalki gidatutako melodia lirikoekin – musika instrumentala ez ezik, ahots bat kantari ari balitz bezala.