Egun handia dute gaur Telleriarten
San Joan zaindariaren eguna ospatzen ari dira Legazpiko auzoan. Ohiko lore bedeinkapena egin dute, eta arratsaldean txirrindulari proba izango dute. Atzo egitekoa zen belar lanen erakustaldia uztailaren 6ra atzeratu dute.
Legazpiko Telleriarte auzoan egun handia da gaur. San Joan jaiak ari dira ospatzen atzo hasita, eta iluntzean emango diete amaiera, txirrindulari probarekin.
Gaur San Joan da, auzoko zaindariaren eguna, eta tradizioari eskaini diote lehen zatia, ohiko meza eta lore bedeinkapena egin dituztelako. Ondoren, jai batzordeak luntxa eskaini die auzotarrei eta bisitariei Harrizabala plazan jarritako karparen azpialdean.
Arratsaldean, berriz, txirrindularien bisita espero dute, Gipuzkoako junior Itzulia bertan amaituko delako, 17:45 inguruan. Bitan igaroko dira txirrindulariak auzotik, eta helmuga Agerre baserriaren parean izango dute, San Joango estrata igo eta gero. Sari banaketa ekitaldia karpan egingo dute.
Telleriarteko San Joan jaiak atzo eguerdian hasi ziren, eta txirrindulariekin amaituko dira. Atzo Burdinola elkartearen ekimenez egitekoa zen belar lanen erakusketa bizia bertan behera geratu zen eguraldiak ez zuelako lagundu, eta uztailaren 6an egiteko geratu dira.
ARGAZKIAK: Mari Kruz Agirre