Sustraiak dantza taldeak amaitu du ikasturtea
Ostiral arratsaldean dantza emanaldi ibiltaria egin zuten dantzari helduek, Xaukena elektrotxarangarekin batera. San Joan suan ere dantza egin zuten, plazan.
Sustraiak dantza taldeko kide helduei ere iritsi zaie ikasturte amaiera, eta azken urteetan bezala, kalean ospatu dute, emanaldi ibiltari batekin. Joan den ostirala, hilaren 21a izan zen ikasturte amaierako saioa egiteko eguna, eta herriko erdigunea, aukeratutako eszenatokia. Aurten Xaukena elektrotxarangaren laguntza izan dute dantzariek saio ibiltari horretan, eta publiko ugari bildu zuten Kale Nagusian, Nafarroa kalean eta plazan zehar egindako kalejira laburrean.
Dantzariek beste ekitaldi bat ere izan zuten ikasturtea amaitzeko, atzo gauean, San Joan suaren inguruan egiten den erromerian. Besteak beste, hainbat herritarrekin batera San Joan zortzikoa dantzatu zuten plazan.