«Adrenalina da 1 Formulan gehien gustatzen zaidana»
Oso txikitatik argi zuen bere pasioa, eta Erresuma Batura joan zen batxilergoa amaitu berritan. Zuzenean egungo talde garrantzitsuenean hasi zen, Red Bullen, 2022ko urtarrilean. Kontrol sistemen ingeniaria da Sergio Perez gidariaren autoan.
Munduko 1 Formula Txapelketako sari nagusia jokatu dute asteburuan Montmeloko zirkuituan, Bartzelonan. Red Bullen Energy Station eraikinean egin du elkarrizketa Ainhoa Begiristainek (Ataun, Gipuzkoa, 1994), entrenamendu saioak hasi aurretik. Red Bulleko komunikazio arduradunak aurrez galderak ingelesez eskatu baditu ere, elkarrizketa euskaraz egiteko baimena eman du.
Zer esan zizuten lagunek eta familiak kanpora zindoazela esan zenienean?
Aitak zera esan zidan: «Hori nahi baduzu, aurrera». Amak, berriz, hauxe: «Ingeniaritza egin nahi duzula? Oso ondo. Ordizian [Gipuzkoa] badago Mondragon Unibertsitatearen campusa, etxean gelditu nahi baduzu» [barrez]. Baina ez, nire plana zera zen, Ingalaterra gustuko ez banuen: Bartzelonan edo Valentzian automobilgintza ingeniaritza edo ingeniaritza aeronautikoa ikastea.
Behin esan zenuen 1 Formula urte batzuetarako ondo zegoela, baina hamar urteren ostean astunegia izan zitekeela. Zenbat aldatu da zure ikuspegia?
Egia esango dizut: ni ez naiz 24 lasterketetan ibiltzen. Nire lanpostua batzuon artean egiten dugu: lasterketa erdiak eta testak egiten ditut. Ni oso gustura nago. Hala ere, aste bukaera asko egiten ditut etxetik kanpo: gutxi gorabehera 60-70 egun egiten ditut etxetik kanpo urtean. Munduan batetik bestera ibiltzen naiz. Niretzat nahikoa da. Baina oraindik beste urte batzuetarako badaukat. Behin probatu eta gero, ezin dut ezetz esan.
Pentsatzekoa da 1 Formulaz irudi bat izango zenuela. Orain, barruan zaudela, zertan aldatu da irudi hori?
Erakutsi nahi duena soilik ikusten da. Azkenean, telebistan gauza bat ikusten da. Hemen paddock-ean gaude, eta ikusten dira pitwall-a, boxak, hortik kanpokokoak eta pistan dagoena, baina hemen sekulako muntaketa dago. Automobilgintza industriatik 1 Formularako jauzia ikaragarria da. Hobekuntzarik baldin badago edo ideiaren bat baldin badago ezer hobetzeko, berehala saiatu eta autora doa.
Hemen helburu bakarra dago: irabaztea. Motibazioa ala estresa da hori?
Motibazioa. Egia esan, sekulako zortea izan dut: nire lehen denboraldi osoa iazkoa izan zen, eta egon nintzen lasterketa guztiak irabazi genituen.
Zenbatetan izan zara aurten?
Aurten, Australian eta Miamin izan nintzen [barrez]: aurrenekoa Sainzek [Ferrari] irabazi zuen, eta bigarrena Norrisek [McLaren]. Baina iaz ez nintzen Singapurren egon, eta beste lasterketa guztiak irabazi genituen. Lasterketa bakoitzak ilusioa pizten du, eta pena da irabazi ezin izana edo gure autoan zer gertatu den ez jakitea eta ezin han egotea. Talde guztiak dauka hobetzeko mentalitatea: beti aurrera, zer hobetu dezakegun… beti baitago zerbait hobetzeko.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.