Badatoz sanpedroak
Ostiralean jendetza erakartzen duen 30. sagardo dastaketa egingo dute. Mutiloara joateko autobus zerbitzu bereziak egongo dira Goierriko hainbat herritatik.
Urteko jai egun garrantzitsuenak iristear dira Mutiloara. Luze gabe, bihar eguerdian hasiko dituzte San Pedro jaiak txerri gorria udaletxeko balkoira jaitsi eta berehala. Lau egun bete dituzte aurretik, festaz gozatzeko. Ohi bezala, autobus zerbitzu bereziak ere izango dira.
Berrikuntza nagusirik gabeko egitaraua antolatu dute, baina urtero arrakasta berezia izaten duten ekintzak mantendu dituzte, biharko tortilla patata lehiaketa kasu. Jendetsua izan ohi da beti eta Iñaki Ugalde alkateak aurreratu duenez, dagoeneko 22 bikotek emana dute izena.
25 sagardo aukeran
Festetan «arrakastarik handiena» izaten duen ekintza da etziko sagardo dastaketarena. Bertakoak ez ezik, kanpotik ere jende asko erakartzen du. Zeraindarrak, esaterako, Mutiloara kalejiran joateko ohitura dute egun horretan. Gipuzkoako 25 sagardotegitako sagardoa izango da aukeran, Goierrikoak ere bai tartean: Olabi (Altzaga), Urbitarte (Ataun) eta Begiristain (Legorreta). Aurtengo berrikuntza, Elektropikala elektrotxaranga izango da.
Larunbatarekin egokitu da aurten San Pedro. Haurrentzako Heriz magoaren saioa izango da arratsaldean. Urtero saiatzen dira haurrentzako ekintza sorta erakargarria antolatzen. «Igandean, puzgarriak izango dira, baita Izarretan Dantzan taldearen emanaldia ere. Tartean, Mutiloako kideak ere badituena». Basoko Izaki magikoak zirku saioarekin osatuko da haurrentzako emanaldi sorta igandean.
Herri kirol saioa eta pilota partidak ere klasiko bat dira. Herri kiroletan bikoteka arituko dira Dorronsoro eta Arzelus (Zerain), Ibarguren (Legazpi) eta Aranburu Guzta (Idiazabal) eta Zaldua Gurrutxazpi (Zumarraga) eta Etxeberria Osinalde (Legazpi) elkarren aurka. Pilota partidak, berriz, Mutiloa, Zerain eta Segurako gazteen artean jokatuko dituzte.