LABek bi orduko lanuztea deitu du biharko Olaberriko Arcelorren
Enplegu politikan enpresarekin akordioa lortzea da protestaren helburua. 13:00etatik 15:00etara egingo dute lanuztea, eta tarte horretan elkarretaratzea egingo dute enpresaren atarian.
Olaberriko ArcelorMittal enpresan bi orduko lanuztea egiteko deia egin die LAB sindikatuak langile guztiei. Biharko egin du lanuzte deialdia, 13:00etatik 15:00etara, eta tarte horretan kontzentrazioa egingo dute atezaindegian, bulego nagusiaren aurrean. Protestaren helburua zuzendaritza behartzea da enplegu politikan akordio bat lortzeko. “Afiliatuekin bildu eta langileei entzun ondoren, aktibatzeko eta enpresako zuzendaritzaren borondate falta hausteko unea dela uste dugu”, nabarmendu du sindikatuak ohar bidez.
LABek jakinarazi duenez, joan den ekainaren 21ean Enpresa Batzordea bildu zen Olaberrrian, eta enplegu plan egiteko mozioa aurkeztu zuen sindikatuak. “LAB behin eta berriz esaten ari da Olaberriak bere beharrizanak eta gabeziak dituela enpleguari dagokionez, eta esparru-akordioak (akordio estatala) ez dituela konpondu. Bi urte daramatzagu gure lankide helduenak nola aterako diren eta langile berriak noiz hasiko diren jakiteko zain”.
Haren esanetan, Olaberriko ArcelorMittaleko plantilla “zahartua izaten” jarraitzen du, eta “milaka ordu extra” sartzen ditu. “Zuzendaritzarekin bildu gara eta gure beharren berri eman diegu, behingoz Olaberriari irtenbideak emateko eskatuz. Erantzunak ez gaitu asebete eta zehaztapenik gabe arazoa atzeratzera jo du”.
Batasun sindikalik ez
LABek adierazi du mozio hori aurkeztu zutela batzordean ikusteko ea gainerako sindikatuek haien irakurketarekin bat egiten zuten Olaberrirako enplegu plan bat lortzeko aktibatzeko premiaz. “UGTk eta CCOOk ez zuen mozioa onartu, eta ELA sindikatuak bilkuratik alde egin zuen gainerakoei entzun ostean, baloratu ere egin gabe”.
Sindikatuaren ustez, garrantzitsua izango litzateke gainerako sindikatuek ere bat egitea “egungo egoeraren aurrean eta Olaberriaren etorkizunerako enpleguaren gaian gauzak ondo egiteak duen ezinbesteko garrantziaren aurrean”.
Mobilizazioarekin aurrera egingo du LABek. “Lanuztea erregistratuta dago eta legezkotasun osoa betetzen du, eta beraz, edozein langilek du ekainaren 26ko lanuztearekin bat egiteko eskubidea. Langile guztiak lanuztearekin bat egitera animatzen ditugu. Enpleguaren beharrak partekatzen badituzu datorren asteazkenean bulegoen aurrean ikusiko dugu elkar”.