Euskal saskibaloi selekzioaren egoitza bihurtuko da Beasain
Urko Perez beasaindarra eta Auritz Armendariz legazpiarra daude Beasainen hiru entrenamendu egingo dituen U20 taldean. Publiko guztiarentzat irekiak izango dira entrenamenduak.
Saskibaloiko euskal selekzioaren egoitza izango da Beasaingo Antzizar kiroldegia hurrengo egunetan. 20 urtez azpiko mutilen taldeak, hiru entrenamendu egingo ditu bertako kantxan. Gaur egingo dute lehenengo entrenamendua, ostiralean 12:00etan hasita egingo dute bigarrena, eta astelehenean uztailak 1 arratsaldeko 18:00etan hasita egingo dute hirugarrena. Herritar guztientzat ateak irekita izango dira, goren mailako saskibaloiaz gozatu ahal izateko.
Gaur, Beasaingo udaletxean eman dituzte xehetasun guztiak. Euskal Saskibaloi Selekzioaren etorkizuna Beasain izatea «ohorea» dela adierazi zuen Leire Artola alkateak. Artolarekin izan ziren aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako, Euskal Selekzioko, Euskal Kirol Federazio Batasuneko eta BKL taldeko ordezkariak, ekitaldia babesten.
Selekzioaren nazioartekotzean urrats bat gehiago emango da. Uztailaren 3an, Bratislavara bidaiatuko du Beasainen trebatuko den taldea, bertan uztailaren 5ean eta 6an, Hant Arena estadioan jokatuko dute, Eslovakiaren aurka. Europako txapelketara begira prestatzea da partida hauen helburua.
Bi goierritar
Euskal selekzioan bi goierritar daude. Urko Perez beasaindarra, gaur egun Tolosako taldeko jokalaria dena, eta dagoeneko denboraldi batzuk egin dituena selekzioan, eta Auritz Armendariz legazpiarra, Beasaingo BKL taldeko jokalaria dena.