Irailaren 14an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Urretxun
Final-zortzirenetako beste saio bat ere Goierrin jokatuko da, Lazkaon, irailaren 21ean. Goierriko hamalau bertsolari ariko dira lehian, udaberriko sailkapen fasean aurrera egin zuten 11ek, eta orain sartuko diren beste hiruk.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan 48 bertsolari ariko dira kantuan. Horietatik 34k udaberria jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela, tartean Goierriko 11 bertsolarik. Gainontzeko 14 bertsolariek duela bost urteko txapelketan eskuratu zuten txartela, horietatik hiru dira goierritarrak: Amaia Iturriotz urretxuarra, Iban Urdangarin ataundarra eta Iñaki Apalategi beasaindarra. Horiez gain, 16 gai-jartzaile eta 15 epaile eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean.
Gaur aurkeztu dute 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak hartu dute hitza: lehenengoa erakunde antolatzailearen ordezkari, eta bigarrena erakunde babeslearena.