Legazpiko lokal hutsen inguruko proposamena egin du EH Bilduk
Hutsik dauden lokalak berreskuratzeko programa bat abian jarri nahi du, diru laguntza lerroa berrikusita, besteak beste. Gainera, Legazpiko Merkataritza Biziberritzeko plan berria egiteko eskatu du. Orain berritzen ari den HAPOn ere gaia jasotzeko eskaria egin du.
Legazpiko EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du udalean, herrian dauden lokal hutsen inguruan. Proposamenean bi lan ildo jasotzen ditu, eta lehena, hutsik dauden lokal komertzialak berreskuratzeko programa abian jartzea da; bigarrena, orain lantzen ari den HAPOren baitan lokal horien planifikazioa jasotzea da.
EH Bilduren ustez, “asko dira Legazpin hutsik dauden lokalak, bai erdigunean, baita auzoetan ere”, eta horien inguruko azterketa eta lanketari ekitea “beharrezko” ikusten du.
Lokalak berreskuratzea
Hutsik dauden lokal komertzialak berreskuratzeko programa bat abian jarri nahi du EH Bilduk, “tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartzea herriari bizitasuna emateko tresna ezinbestekoa” dela ulertzen duelako. Helburua, “Legazpiko herri gune eta auzoetako jarduera sozioekonomikoa berreskuratzea eta sustatzea, eta tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu eskaintza indartzea” izango litzateke..
Hori hala izateko, hainbat neurri proposatzen ditu, eta horietan lehena da enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritza biziberritzeko diru laguntza lerroa berrikustea, eta diru kopuruak handitzea. Diru laguntza horietan orain arte jasotzen ez den lerro berri bat sartzea proposatu du, hain zuzen, kaletik zuzeneko sarbiderik ez duen lokalak birkokatzeko diru laguntzena.
Bestetik, jarduera ekonomikorik gabeko merkataritza lokalen poltsa publikoa osatzea ere planteatzen du. “Ekin nahi duten pertsonei euren jarduera ekonomikorako lokal egokiena bilatzen laguntzeko, lokalen poltsa bat sortzea proposatzen dugu”.
Proposatutako beste neurri bat da Legazpiko Merkataritza Biziberritzeko plan berria egitea. “Herriko kaleei bizitza emateaz gain, harreman pertsonalak garatzeko aukerak zabaltzen ditu merkataritzak. Horrez gain, merkatarien eta herritarren arteko aurrez aurreko harremana bermatzen du, konfiantzan oinarritutakoa. Finean, tokiko merkataritza beharrezkoa da herri baten kohesiorako, herri seguruago baterako eta herri bizi baterako”. Plan honek merkataritza biziberritzeko ekintza zehatzak jaso beharko dituela zehaztu du EH Bilduk, baita lokal hutsen dinamizazioa sustatzeko “ekintza plan anbiziotsu” bat ere.
Lokal hutsen planifikazioa, HAPO berriaren baitan
Lokal hutsen inguruan EH Bilduk egindako proposamenean jasotako bigarren lan ildoak HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin du zerikusia, eta zehazki, “hiri lurzoruan finkatutako bizitegi eremuetako lokalen erabilera aldatu, eta horietan etxebizitzak egokitzeko jarduerak arautzeko udal ordenantzaren berrikuspena egitea” eskatzen du, “eremu komertzialetan egin ahal izango diren esku-hartzeak eta horien baldintzak definituta, espekulazioa ekiditeko neurri zehatzak txertatuz”.
Horrez gain, Legazpiko HAPO berriak eraikinen beheko oinen planifikazioa jasotzea “beharrezkoa” dela deritzo EH Bilduk, beti ere “emango zaien tratamendua zainduz, eta eraikinen beheko oinen eta kalearen arteko harremana kontuan hartuta”. Hori horrela, bizitoki berriak eraikitzerakoan proposatzen diren beheko oinetan, “auzotarrek erabilera komunitarioa izango duten guneak egiteko aukerak aurreikusi behar direla uste dugu: garbigunea, telelana egiteko gunea, kirol materiala edo bizikletak, haur aulkiak edo antzekoak gordetzeko espazioak…”.