Ordiziako Azoka, eraldaketa digitalaren eta iraunkorraren bidean
Europako Batasunaren Next Generation laguntza funtsa baliatuz, udalak 'Ordiziako Azokaren eraldaketa digitalerako eta iraunkorrerako plana: Azoka XXI' aurkeztu du.
Europako Batasunaren Next Generation laguntza funtsa baliatuz, udalak Ordiziako Azokaren eraldaketa digitalerako eta iraunkorrerako plana: Azoka XXI aurkeztu du. 1512. urtetik asteazkenero egiten den azokaren espazioa fisikoki eraldatzea eta modernizatzea da helburua. Horretarako, «behar berrietara egokitutako espazio bat sortu» nahi dute, «asteroko azoka moderno, jasangarri eta eraginkor batez gain, gizartea, kultura eta merkataritza dinamizatzeko ekimenak etengabe garatzea bilatzen» dituen jarduerak proposatu dituzte.
Adur Ezenarro alkateak eta Leire Arandia D’Elikatuzek kideak gaurko aurkezpenean adierazi dutenez, «ingurune ekonomiko eta sozialean gertatzen ari diren aldaketen jakitun, estrategia propio bat diseinatzeko beharra» ikusi dute, «azoka modernizatzea eta aktibatzea ardatz hartuta». Era berean, «udal nortasuna bera indartzea, bere historiarekin koherentea den eskualdeko hirugarren sektoreko buru gisa».
Estrategia integrala
Ordiziako Azokaren Eraldaketa Digital eta Iraunkorrerako plana «estrategia integrala» da eta hainbat ekintza biltzen ditu, «merkatuari, merkataritzari eta merkatariei eta udalerriari kontsumitzaileen beharretara egokitzeko eta merkataritza eredu digital, iraunkor eta erakargarri baterantz aurrera egiteko aukera» emango dietenak.
Bi fase
Bi fasetan banatuko dute plana. Uda eta udazken hasiera bitartean egingo dute lehenengoa. Eraldaketa digitala, packaging iraunkorreko elementuen diseinua, eta lokal hutsetako lokaletan Bazatoz! leloa jarriko dute. Bazatoz! leloa ere protagonista izango da webgune berrian eta sare sozialetan garatuko den kanpainan ere. Gorka Lekuona, Prontxio santoyo, Esti Garcia eta Xabier Martinezen argazkiekin osatu dute bideoa eta erakusleihoetako irudiak.
Lau perfiletako herritarrak aukeratu ditugu kanpainarako: denda ireki aurretik oliba batzuk erosteko aprobetxatu duen Esti Garcia; azokan erosketa egiteko tarte aurkitzen duen Prontxio Sontoyo autonomoa; jatetxeko otorduak prestatzeko erabiliko dituen osagaiak arretaz aukeratzeko etenaldi bat egin duen Xabier Martinez; eta arratsaldeko lanaldian dagoenez, goiza azokako produktu freskoak erosteko bideratzen duen Gorka Lekuona.
Bigarren fasea udazkenetik urtea amaitu bitartean egingo dute. Orduan ekingo diote saltoki gunea eraldatzeari, seinalitika eta wifia jartzeari, azokaren webgunearen bidezko salmenta sistemari eta eraldaketa digitaletarako programarekin. Armairu adimendunak ere jarriko dira erosketak jasotzeko.
Zozketa
Kanpaina guzti hori aurrera eramateko, Ordiziako Azokaren kontua jarraitzeko eta bi lagun gonbidatzeko gonbidapena egin zaie ordiziarrei. Parte hartzaile guztien artean Ordiziako Azokaren logoa duten packaging iraunkorreko hiru lote zozkatuko dituzte.
Ekintza plana
- Eraldaketa digitala. Merkatuko saltzaileek eremu digitalean transakzio komertzialak egin ahal izateko eredu digitala. Horretarako Ordiziakoazoka.eus webgune berria egingo dute.
- Packaging iraunkorreko elementuen diseinuarekin lotutako jarduerak, plastikoa ezabatzea ahalbidetzen dutenak: poltsa konpostagarriak, jutezkoak eta tolesgarriak, elikadura-paper ekologikoa, arrautza-ontzi eta tupper berrerabilgarriak… hainbat zozketatan banatzen joango direnak.
- Biniloak lokal hutsetako erakusleihoetan jarriko dituzte profil desberdinetako lau ordiziarren argazkiekin, eta merkatuan erostera gonbidatuko dituzte herritarrak Bazatoz! leloarekin.
- Saltoki gunea eraldatzea, eta horrek merkatuaren espazioa eta ingurunea fisikoki eraldatzea eta modernizatzea eskatzen du.
- Merkataritza Gune Zentralaren inguruan berariazko seinalitika bat instalatzea, eta merkataritza eremuan Wifi sarbide puntuak ezartzea.
- Azokaren webgunearen bidezko salmenta sistema eta datuen kudeaketa egingo dute. Merkatuko kontsumitzaileak fidelizazio tresna baten bidez konektatzea eta fidelizatzea ahalbidetzen duen jarduketa bat garatzea.
- Eraldaketa Digitalerako Programa. Azokako sailtzaileei eta udalerriko merkatariei tresnak eta ezagutzak ematea lehiakorragoak izateko. Horretarako programa oso bat diseinatuko da saltzaileek gaitasun digitalak eskura ditzaten.