Giza eskubideen aldeko erakusketa ikusgai da Idiazabalen
UN Etxeak sustatutako erakusketa ibiltaria da. Aurten betetzen den Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. urteurrenaren harira antolatutako erakusketa da.
UN Etxearen ekimenez sortu da Giza eskubideen ale mugi zaitez! erakusketa, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zeneko 75. urteurrenean. Erakusketa ibiltaria da eta uztailaren 12ra arte Idiazabalen egongo da ikusgai, udaletxeko areto nagusian.
Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoaren #Standup4humanrights kanpainari laguntzeko helburuz sortu du UN Etxeak ——UNESCOren Euskal Herriko elkarteak— Ane Pikaza artistak (Bilbo, 1984) ilustratutako erakusketa ibiltari hau. Giza eskubideak sexu, kultura eta funtzio aniztasunaren ikuspegitik sustatzea du helburu, ikusleen konpromisoa eta ekintza sustatuz.
Hala, pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunak ezagutzeko, betetzeko eta haiei buruz gogoeta egiteko bideak irekitzen ditu erakusketak. Gizarte justu eta askotarikoen eraikuntzan parte hartzera bultzatuz.
Erakusketa hau UN Etxea erakundearen ekimena da, eta, egitasmoa gauzatzeko, Amesten, Mujeres con Voz eta Naizen elkarteekin aritu da elkarlanean. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza Nagusiaren babesa ere badu.