Ogasunarekin zor handiak dituztenen zerrenda kaleratu du aldundiak
Plazaratutako zerrendak 2023ko abenduaren 31n Foru Ogasunarekin 600.000 eurotik gorako zorra zuten pertsona fisiko edo juridikoak identifikatzen ditu. Albiste barruan kontsultatu daiteke.
Gipuzkoako Foru Ogasunak gaur argitaratu du bere zordun handien bederatzigarren zerrenda. Guztira 219 milioi euroko zorra duten 84 subjektu biltzen ditu. Plazaratutako zerrendak 2023ko abenduaren 31n Foru Ogasunarekin 600.000 eurotik gorako zorra zuten pertsona fisiko edo juridikoak identifikatzen ditu. Aurreko urteko ekainean argitaratutako zerrendarekin alderatuta, bost zergadun berri sartu dira, 4,3 milioiko zorrarekin guztira, eta sei zergadun atera dira 109,7 milioi euro zor zituztenak.
Zerrenda Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan kontsultatu daiteke. Izen horiek plazaratzea “foru erakundearen iruzurraren aurkako estrategiaren testuinguruan kokatzen” da, eta “gaizki ikusiak dauden jokaerak publiko eginez gizartearen gaitzespena lortzea” du helburu. “Beste era batera esanda, foru Ogasunaren helburua zerrenda kaleratuta pedagogia egitea da zerga betebeharrak borondatez betetzearen inguruan eta, era honetara, gizartearen gaitzespena lortu eta zerga iruzurraren aldeko jarrerak eragotzi”, nabarmendu du oharrak.
Araudiaren arabera, datorren urtean berrituko da zerrenda, eta erreferentzia eguna aurtengo abenduaren 31 izango da. Zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinarazten zaio, eta honek 10 egun ditu alegazioak aurkezteko. Epe horren ondoren, informazioa publiko egiteko akordioa ematen da. Datuen argitalpena euskarri elektronikoetan egiten da eta hiru hilabetez egoten da ikusgai. Gainera, beharrezko neurriak hartzen dira Interneteko bilatzaileak informazio honetara hel ez daitezen.