Zaldibiako herritarren laurdena Herriarteko finalean izango da
Gaztelupe pilota klubak salgai jarritako 450 sarrera saldu ditu bi egunetan, eta antolatutako 4 autobusak beteko dituzte herritarrek.
25 urtez parte hartu eta gero, lehen aldiz iritsi dira Zaldibiako pilotariak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalera, eta herritarren laurdenak baino gehiago frontoian izango dira balentriaz gozatu eta pilotariei animoak emateko.
Gaztelupe Pilota Klubak salgai jarritako 450 sarrera saldu ditu bi egunetan, eta antolatutako 4 autobusak beteko dituzte herritarrek. Animoak ziurtatuta dituzte pilotariek. Asteartean izan ziren Donostiko Atano III.ean entrenamendu saio bat egiten.
Zozketak gaur arratsaldean
Udalak ordaindu du autobusen gastuaren heren bat, eta Gaztelupe Pilota Klubak ordainduko ditu gainerako bi herenak. Gastu horri aurre egin ahal izateko, boletoak salduko dituzte gaur arratsaldean, Gazte Festetako sagardo-dastaketa dela aprobetxatuz, plazan. Guztira, lau sari zozketatuko dituzte, herriko establezimenduei esker: Bi otordu Lazkao-etxe jatetxean; Bi otordu Arrese jatetxean; Bi otordu Kixkurgune jatetxean; eta Beko Karnizeriak emandako produktuez osatutako saskia.
Larunbatean, autobusak 15:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta sari-banaketa bukatu eta ordu-erdira abiatuko dira Donostiatik bueltan. Gazte Festen barruan, pintxo-dastaketa izango da Zaldibian, Donostiara joandakoak bueltatzen direnerako.