Herri-kirol desafioa egin dute San Pedro jaien amaieran
Herri-kirol desafioa egin dute Mutiloan San Pedro jaien amaieran. Aurtengoan sei goierritar izan dira lehian, baina bikote bakarrak lortu ahal izan du garaipena.
San Pedro jaiei ere itsi zaie amaiera eta mutiloarrek herri-kirol desafioarekin eman nahi izna diete amaiera aurten ere. Hala ere, aurten, besteetan ez bezala, herri-kiroletan aritu diren kirolari guztiak goierritarrak izan dira, lehia etxera mugatuz eta berezitasun hori emanez. Aurtengoan Xabier Dorronsoro eta Eneko Arzelus bikote zeraindarra, Xabier Aranburu “Guzta” idiazabaldarrak eta Iosu Ibarguren “Lakiola” legazpiarrak osatutako bikotea eta Unai Etxeberria “Osinalde” ezkiotarrak eta Xabier Zaldua “Gurrutxazpi”zumarragarrak osatutakoa aritu dira norgehiagokan.
Arratsaldeko 18:00etan izan dute hitzordua Mutiloko plazan eta bertan 100kiloko harriari 6 jasoaldi, 6 kanaerdiko txanda librean eta 3km korrika egin dituzte. Lehenengoak Osinalde eta Gurrutxazpi izan dira; bigarrenak, berriz, Dorronsoro eta Arzelus eta hirugarren postuan geratu dira Guzta eta Lakiola.
Mutiloko plaza jendez lepo izan da arratsaldean zehar, norgehiagoka honek sortutako zirrara dela eta asko izan baitira bertara hurbildu diren goierritarrak, batez ere, parte-hartzaileen ingurukoak eta Mutiloa inguruko herrietakoak. Gazteen presentzia oso nabarmena izan da gaurkoan publikoaren artean.