Hasi dira Uztalai udalekuak
Herriko 270 haurrek parte hartuko dute, 23 taldetan banatuta. Udalak 25 begirale eta zuzendaria kontratatu ditu.
Esandako ordurako, 09:30erako, txintxo-txintxo agertu dira gaur goizean Legazpiko haurrak Uztalai udalekuetara. Adinaren arabera banatuta, herriko hainbat tokitan zuten hitzordura eginda, gaurtik hilaren 24ra arte luzatuko den aisialdi jarduera horretan izango dituzten begiraleak eta kideak ezagutzeko. Hemendik aurrera, astelehenetik ostiralerako goizak era askoko ekintzez, jolasez eta festez beterik izango dituzte, beti ere euskara ardatz dutela.
Aurtengo Uztalai udalekuetan herriko 270 haurrek parte hartuko dute, 23 taldetan banatuta, eta udalak kontratatutako 25 begirale eta zuzendaria arduratuko dira haien zaintzaz eta aisialdi jardueren gidaritzaz. HH-3tik LH4ra bitarteko haurrak dira.
Legazpiko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako jarduera da Uztalai.