Uztakalaren gaurko haurrentzako ekintzak hilaren 15era atzeratu dira
Gaur, Laubiden zuten hitzordua txikienek, puzgarriekin eta apar festarekin, baina eguraldi txarragatik bertan behera geratu da guztia. Alaitasuna errondailak lagun arteko emanaldia egin zuen ostiralean, eta Dj Geik disko saioa gauean, eta astean zehar ekitaldi gehiago izango dira.
Musikaz bete zen ostiral arratsaldea Legazpin, Uztakalek egindako bi proposamenei eta Karibe Zaharra tabernak antolatutako kontzertuari esker. Lehenik, Alaitasuna errondailak publikoz bete zuen Azoka, bere 60. urteurrenari hasiera eman zion lagun arteko emanaldiekin, eta gauean, Askatasun Afektiko Sexualaren astearen barruan, disko festa egin zuen bertan Dj Geik. Bestetik, Karibe Zaharra tabernak antolatuta, Little Tony’s Big Band taldeak kontzertua egin zuen iluntzean Nafarroa kalean.
Uztakalek aurrera jarraitzen du, baina gaurko iragarrita zeuden jolas parkearekin eta puzgarriak eta apar festa hilaren 15era atzeratu dituzte, arratsalderako eguraldi txarra datorrelako.
Bihar, kale antzerki saioa eskainiko du Ekida taldeak, eta Gernika plazan Plaza hau gurea da gazteentzako eta helduentzako antzezlana eskainiko du 19:00etan. Ostegunean. Demode Quartet taldearen txanda izango da, eta 19:00etan Demode 4 gurpilen gainean ikuskizun ibiltaria eskainiko du erdigunean. Ostiralean musika izango da berriro, baina Brinkolak; Loak taldeak kontzertua egingo du bertan, Armuño elkartearen aurreko plazan, 19:30etik aurrera. Asteko Uztakale programazioa ixteko, ostiralean 22:30ean Ikatzako kideek naturari eta gai libreari eskainitako ikus-entzunezko lanak eskainiko dute Azokan.