Xabier Arañaren eta June Arzelusen kartelek iragarriko dituzte Ordiziako jaiak
Hamasei lagunek parte hartu dute lehiaketa irekian; horietatik hamalau helduen mailan eta beste bi hemezortzi urtez azpikoetan.
Uztailean sartzearekin batera iragarri du Ordiziako Udalak aurtengo Santa Ana jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketaren irabazleen izenak. Hamasei lagunek parte hartu dute lehiaketa irekian; horietatik hamalau helduen mailan eta beste bi hemezortzi urtez azpikoetan.
Helduen mailan, Xabier Araña Urteagaren Badoaz santaneroak lana saritu dute. Festetako egitarauaren azala janzteaz gain, 500 euroko dirusaria ere jaso du.
Aurten Santanazaleei keinu egin die Xabier Arañaren kartelak. “Aurreko urteetan danborrada, erraldoiak… azaldu izan dira eta aurten zerbait desberdina egin nahi izan dut. Hau atera da”, adierazi du Arañak. Ordenagailuaren laguntzarekin osatu du irudia. “Cad programarekin diseinatu eta koloreztatzeko Photoshop erabili dut”.
Santa Anazaleen zapian agertzen diren irudiak Ana hizkietan errepikatu ditu. “Motiboa errepikatu nahi izan dut. Eta forma geometrikoak ere leku ezberdinetan azaltzen dira, simetria ere bai…”.
Gustura, eta “oso harro” jaso du saria ordiziarrak.
June Arzelus
18 urtez azpikoen mailan, berriz, June Arzelus Mendizabal izan da saritua. Santa Ana jaietako egitarauaren barrualdean ikusi ahal izango da. 100 euroko erosketa balea jaso du saritzat.
“Festei hasiera txupinazoarekin ematen zaienez, momentu hori ekarri nahi izan dut kartelera. Koloretsua da, festak alaitasuna ematen duelako”.
Oso pozik dago sariarekin, “ilusio handia egiten du”.