Altzok eta Alaitz Imazek irabazi dute banakako euskal sega liga
Leaburuko azken saioan ere lehenbiziko postua eskuratuta jantzi du zaldibiarrak txapela. Nagusitasun osoz gailendu da Imaz emakumeetan.
Hiru sega saiotatik bitan onena izanda, Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarrak irabazi du Euskal Herriko 15. Banakako Sega Liga. Almitza elkarteak antolatutako lehiaketa igandean amaitu zen, hirugarren eta azken jardunaldia Leaburun (Gipuzkoa) jokatuta. Goiatzen lehen postua eta Udaben hirugarrena lortu zituenez, 178 punturekin amaitu du sailkapen nagusian. Mikel Lizartzak estu jarri dio azken garaipena, ligako erregularrena izanda eta hiru bigarren postu eginda, puntu bakarrera geratu baita (177).
Leaburun, Julen Gabilondoren partaidetza erabakigarria suertatu zen. Udaben ebaki gabea, nagusirako aukerarik gabe zegoen, baina azken saioan bigarren postua lapurtu zion Lizartzari, puntu bat gehiago batzea eragotziz. Gizonezkoetan, hirugarren Oier Urkola anoetarra izan da (174).
Alaitz Imaz, parekorik gabe
Emakumeetan, Alaitz Imaz hernialdetarrak jantzi du ligako txapela. Lehen bi saioak irabazita, Leaburun nahikoa zuen lehen hiruretan sartzea edo Luixa Uzkudunen atzetik geratzea. Imazek bigarren egin zuen –Ainara Otamendi onena egunekoan–, eta 179 punturekin, liga irabazi du. Uzkudun leaburuarra eta Ainara Otamendi, 176na berdinduta, igo dira podiumera.
Beteranoetan Pabi Astondoa, gaztetxoetan Harri Mitxelena eta haurretan Mari Olazar dira sega ligako garaileak.
ARGAZKIAK: Tolosaldeko Ataria