Ikasleen oporraldia baliatuz, hainbat lan egiten ari da Legazpiko Udala Domingo Agirren eta Haztegin
Eskola publikoko kantxaren estalkia berritzen hasi dira, eta ikastolan igogailu bat instalatu eta komun egokituak egiten ari dira.
Legazpiko Udala hainbat lan egiten hasi da Domingo Agirre eskola publikoan eta Haztegi ikastolan, ikasleen oporraldia baliatuz. Domingo Agirren, Laubide-Urtatzako eskolan dagoen kirol gunearen estalkia berritzen hasi da, eta Haztegi ikastolan, eraikin nagusian igogailu bat instalatzen hasi da.
Domingo Agirreko obra Cumenorte, S.L. enpresa ari da egiten, 75.509,08 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin, eta bi hilabeteko epea izango du horretarako. Eskolako kirol esparru hori 2003an eraiki zuten, beheko patioa estaltzeko. 2019an, fatxadaren eta estalkiaren arteko lotura errematea egin zen, ordura arte espazio hori libre zegoelako. Azken urteotan, ur iragazketak gertatu dira eta konponketak egin diren arren, ezin izan dira kendu. Estalkian, gainera, 2013an instalatutako bizi lerroa eta eguzki plaka fotovoltaikoak ere badaude. Orain egiten ari diren obrekin, estalkiko panela eta bizi lerroa ordezkatuko dira.
Igogailua eta komun egokituak Haztegin
Haztegi ikastolan ere aste honetan hasi dira lanean, kasu honetan igogailu bat instalatzeko eta komun egokitu bat egiteko, eraikin berrian. Lan hauek 330.472,33 euroko aurrekontua dute, eta lau hilabeteko epean egingo dira.
Irisgarritasuna bermatzea da lan hauen helburua, eta igogailua, eraikin horrek dituen lau solairuen 12,39 metroko arteko desnibela gainditzeko izango da. Igogailua sototik hirugarren solairura arte joango da, eta lau geldialdi horiez gain, bosgarren bat ere egingo du ondoan dagoen eraikineko sotoaren parean. Bederatzi plaza izango ditu.
Igogailua instalatzeko, beheko solairuko eskailera aldatu beharko da, eta komunak gainerako solairuetan birbanatu. Azken lan hori baliatuz, komun irisgarriak jarriko dira solairu guztietan.