Eguraldiak laguntzen ez badu ere, barazkiak eta frutak badoaz aurrera
Aire libreko barazkiak agertzen hasi dira pixkanaka, azkenak kuiatxoak eta tipulak. Piperren eskaintza ere handitzen doa astetik astera.
Udarik ez, baina udako produktuz beterik dago Ordiziako feria. Hala zioen goizeko lehen orduan Iñaki Intxausti zeraindarrak, garaiko barazkiz beteriko postua sare sozialetan erakusten zuen bitartean. Eta hala da, eguraldiak ez du laguntzen, baina barazkiak eta frutak aurrera doaz poliki-poliki, eta astero zerbait berria iristen da feriara. Gaur ere, izan dira berritasunak.
Frutaren atalak eman ditu pare bat, nahiz eta Goierrikoak eta ingurukoak ez izan, Nafarroakoak baizik. Uliako Labeak elkartearen postuan Corellan dituzten sailetan bildutako aran horiak (4,20 euroan kiloa) eta paraguaioak (3,8 euro) izan dituzte salgai Eliok eta Azarahk. Fruta ekologikoak ziren biak. Gertuagotik, Aramatik, aran mota berria iritsi da, gorria eta horia nahastuta. Maite Zurutuzak zituen salgai, kiloa 4 euroan. Eta San Joan sagarra ere aipatu behar da, gerazien denboraldia amaituta, Gabiriako Jose Antonio Elosegik horiekin goraino bete duelako gaurko postua (kiloa 4 euroan).
Barazkietan ere izan dira berritasunak, piperren artean bat. Patxi Arizmendik piper berde italiarra jarri du salgai, kiloa 5,5 euroan, ondoan eskaintzen zuen piper morroaren prezio berean. Kakute izeneko piperra eta Gernika ere bazituen, kiloa 6,5 euroan, baita pipermina ere. Horren kiloa 10 eta 14 euroa artean dago, eta nahiko ugari dago plazako postuetan.
Lehen aipatutako Intxaustik ere aurkeztu du berritasun bat, urteko tipula freskoa, gorria, sorta 2 euroan. Prezio berean zuen Maria Jesus Oriak ere, gorria zein zuria. Eta honen postuan, aire libreko lehen kuiatxoak ere izan dira salgai, kiloa 3 euroan. Intxaustirengana itzuliz, albaka hostoak ere aipatu behar dira. Pisuka saltzen zituen, 9 euroan kiloa. Alpaka zertarako erosten duten galdetuta, «entsaladarako edo pesto saltsa egiteko» erantzun du, «eta kotxeko atzeko eserlekuan jarrita, aire girotzaile ederra» dela ere gehitu du.
Berritasun gisa zizak ere aipatu behar dira, desagertu direlako feriatik, gaur behintzat ez da batere izan. Eskaintza mikologikoa Lasaren eta Barcinaren artean osatu dute, eta bien artean 80 kilo onddo (15-28 euroan kiloa), 50 kilo ziza hori (18-20 euro) eta boilur apur batzuk (200 euroan kiloa) jarri dituzte salgai.
Gaurkoan eguraldia ere aipatu behar da, garai honetan ohikoa baino freskoagoa izan arren, goiz polita izan delako. Aurreko astean haurren oporraldia hasita zegoela nabarmen zen, eta gaurkoan, haur horiek udalekuetan hasi direla ere ikusi da, talde ugari ibili direlako plazan eta inguruan.
.