Legazpiko ur txorroten parkea ostiralean irekiko dute
San Ignazio auzoan dago, eta egunero egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara. Gunea 14 txorrotez eta jolas elementuz osatuta dago, eta txoko haur txikienentzako txokoa izango du.
Eguraldiak momentuz asko lagundu ez badu ere, legazpiarrek udaz gozatzeko beste gune bat izango dute ostiraletik aurrera, San Ignazio auzoko ur txorroten parkea martxan jarriko delako. Haur parkearen behe aldean dago kokatuta, eta Arrizabal Elkartea enpresak egin du 269.830 euroan. Lanak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamenduaren 35.000 euroko diru laguntza jaso du udalak.
Bi gune ditu ur txorroten parkeak. Batetik, haurtxoentzako txokoa dago, eguzkitik babestuta, eta bestetik, nagusiagoena, elementu erakargarri eta dinamikoagoekin hornituta. Denera 14 txorrota eta jolas elementuz osatuta dago gunea, guztiak ere zirkuitu itxiko ura botako dutenak.
Instalazioak irisgarriak dira, eta igerilekuen antzeko funtzionamendua du. Azpiko txabolaren barruan gordetzen da parkea martxan jartzeko makinaria garrantzitsuena. Instalazioaren ura lekuan bertan aprobetxatuko da, eta egunean birritan osasun baldintza egokiak dituela egiaztatzeko analisiak egingo dira. Era horretara, ingurumen jasangarritasuna eta osasungarritasuna uztartzen dira.
Udalak adierazi duenez, instalazioak bero sapa handia egiten duen egunetan «babesleku klimatiko» gisa funtzionatuko du, herritarrei freskatzeko eta jolas egiteko leku bat eskainiz.
Egunero egongo da zabalka, 10:00etatik 20:00etara. Behin-behineko komun bat ere jarri dute ondoan, ordutegi berarekin zabalduko dena.