Gipuzkoako Foru Aldundiak 15.000 izokin askatu ditu Urumea eta Oria ibaietan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, espezie hori birpopulatzeko proiektuari esker urtero 100 izokin inguru sartzen dira bi ibaietara.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak Urumea eta Oria ibaietako 15.000 izokin arrainkumeren askatzean parte hartu du gaur. Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatutako haztegian jaio dira izokin horiek. Aldundiaren esanetan, askatzea Foru Erakundeak Natura 2000 Sarearen barruan abian duen proiektuaren barruan kokatzen da, eta “lurraldeko biodibertsitatea babestea” du helburu.
Izokin arruntaren (Salmo salar) berreskuratzea 1990eko hamarkadan hasi zen, Gipuzkoako ibaietatik erabat desagertu baitzen, aurreko hamarkadetan bizitako industrializazioak eragindako ur-kutsaduraren ondorioz. Azken hogeita hamar urteotan egindako lanaren ondorioz, gaur egun, Gipuzkoako ibaiek espezie horretako aleak dituzte, eta urtero itsasotik 100 ale inguru sartzen dira ibai horietan ugaltzeko. Ekainean eta uztailean izokin handiak sartzen dira (negu anitzekoak ere esaten zaie hauei, negu bat baino gehiago igaro baitute itsasoan), aurten 27 izokin sartu dira Urumean eta 20 Orian bi hilabete horietan. Kopuru horri ibaietan azarotik abendura bitartean sartzen diren izokin txikiagoak gehituko zaizkio, hilabete horietan ugaltzen baita espeziea.
Aldundiaren dinamika
Aldundiak abian duen egitasmoaren dinamika da izokin basatiak arrantzatzea ibaian, foru erakundeak dituen bi harrapatze guneetan, eta ondoren, ale horiek haztegira eramatea espeziea ugaltzeko. Sei hilabeteko hazte prozesuaren ondoren, markatu egiten dira, ondoren Urumea eta Oria ibaien arroetako erreketan askatzen dira. Izokinak markatuz, itsasora irten ondoren jatorrizko lekura itzultzen diren espezie aleen kopurua kontrolatzen da.
Ildo horretan, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak adierazi duenez, “arrain haztegian hazitako aleen % 30 gure ibaietara itzultzen da”; zifra hori arrakastatsutzat jo daiteke, gaineratu duenez, “kontuan hartzen bada gainerako %70 jatorri basatikoa” dela. “Horrek esan nahi du gure ibaietan espeziearen birpopulatze naturala egitate bat dela”, gehitu du. Gaur egun, izokina hiru arro hidrografikotan dago Gipuzkoan: Oiartzunen, Urumean eta Orian. Arrutik gaineratu du “ibaiak eta haien arroak garbitzeko eta hobetzeko azken urteetan egindako lanari esker habitat horretan espeziea gara” daitekeela.
Azken urteetan, behera
Zifra horien ifrentzua, bestalde, honako hau litzateke: erregistratutako sarrerek 2014 eta 2015 artean gaina jo ondoren, (Urumean eta Orian, batez beste, 299 eta 112 izokin detektatu ziren urte horietan), azken urteetan sartutako kopuruak behera egin du, itsasoko uren eta Kantauri isurialdeko ibaien tenperatura igoeraren ondorioz. Hala, Arrutik zehaztu duenez, ibai horietan sartzen diren aleen kopurua azken bederatzi urteetan dezente murriztu da. Kezka sortzen duen gaia da, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azaldu duenez. “Lurraren berotzea geldiarazteko eta gure espezien babesa bermatzeko, oreka berderen alde, ahalik eta eremu gehienetatik lan egiten jarraitu behar da”.