Ehunmilak trilogiak partaidetza zenbaki handiekin jarraitzen du
Aldaketa handirik gabe dator XIII. edizioa. 1.313 izango dira lasterkariak, eta 1.600dik gora boluntarioak. Ohi bezala, Igartzako jauregian egin dute aurkezpena. Boluntarioen elastikoa urdin argi kolorekoa izango da.
Badator Ehunmilak trilogiaren hamahirugarren edizioa. Aldaketa handirik gabe dator. Distantziak eguneratu direla akaso. Parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, aurreko edizioetan izan zen kopuruari eutsi zaio. Gaur eman dituzte 2024 urte honetako edizioko xehetasun guztiak. Gorka Sudupe Ternuako ordezkaria, Jon Ubide Goiturreko ordezkaria, Leire Artola Beasaingo alkatea, Andoni Zubeldia Ehunmiletako antolakuntzako kidea eta Mireia Figueros Euskal Mendi Federakuntzako Mendi Lasterketen batzorde burua izan dira Igartza jauregian egin den prentsaurrekoan.
Beasaingo alkatea izan da hitza hartzen lehena. “Udalarentzat benetan poztekoa da antolatzaileek eta boluntario taldea osatzen duten pertsonek, urtez urte, proba honen inguruan egin duten ibilbidea, eta hori, aitortzeko modukoa da”, hasi da alkatea. “Ehunmiletako hiru lasterketak onuragarriak dira Beasainentzat, batetik, gurea dugun auzolana, gizarte kohesioa sustatzen dute, erlazioak sortzen dituzte, pertsonak sozializatzeko puntu bat ere bada, parte hartzea sustatzen dute eta horrekin, gizarte inklusiboago bat eraikitzen laguntzen da, eta horren froga da, korrikalari eta komunitatearen artean sortzen den elkartasun giroa”, jarraitu du esaten. Bestetik, Ehunmilak, turismoa ere sustatzen duela nabarmendu du Artolak. “Beasain, Goierri, Gipuzkoa, eta Euskal Herriaren irudi positiboa azaleratzen da. Bisitariak etortzen dira kanpotik ere, eta gure ekonomian badauka eragina”, ondorioztatu du. Eta kirola ere sustatzen duela gogoratu du alkateak. “Jarduera fisikoaren eta osasunaren erlazio zuzena sustatzen du. Ingurune paregabeak zeharkatzeko aukera ematen du, erronka, izaten da, alaitasuna izaten da, eta Beasain izaten da hasiera eta bukaera. Aurten ere dena ondo joatea espero dugu”, borobildu du alkateak.
“Beasain, Goierri, Gipuzkoa, eta Euskal Herriaren irudi positiboa azaleratzen du Ehunmilak probak”
Leire Artola. Beasaingo alkatea
Gorka Sudupek hartu du hitza jarraian. Hamahirugarren edizio honetara iritsi izanagatik zoriondu du antolakuntza lehenik, eta eskerrak eman, “aurreko hamabi urteetan soka-lagun izateagatik, eta izaten jarraitzen dugulako”. Ehunmilak eta Ternuaren arteko elkarlanaren oinarria “balio berdinak” daudela aitortu du; “Errespetuak mugitzen gaitu, errespetua egiten dugun guztian”. Gainera, horrelako kirol jardunaldi jendetsua izanik Ehunmilak, Ternuak diseinatzen dituen jantzi eta artikulu guztiak zuzenean kirolariei irisgarri egiten die, eta horri esker, komunikazio zuzen-zuzena dutela sortzen duten materialaren erabiltzaileekin.
Goitur Goierriko Turismo Agentziaren ordezkariak iragarri du, horrelako kirol ekitaldiak babesten jarraituko dutela aurrerantzean ere, “kirola baino askoz gehiago delako”. Kirolari lotutako ekitaldi bat da Ehunmilak, baina Goiturrek argi dauka, Zegama Aizkorri mendi maratoiarekin batera, jende asko mugitzen dutela. “Aurtengoan 1.313 korrikalari etorriko dira, bai Gipuzkoatik, bai Euskal Herritik, bai estutatik, bai munduko 16 herrialde desberdinetatik ere. Gainera, iraupen luzeko probak dira, eta horrek esan nahi du, korrika egitera datozenak, iraupen luzeko estantziak egiten dituztela, bataz beste, 4-5 eguneko estantziak egiten dituztela, kalkulatu du Ubidek. Gainera, korrikalariekin, laguntzaileak etorri ohi dira, bai familia, bai lagunak… Hala bertako ekipamendu eta zerbitzuak erabiltzen dituzte. Gure lurraldearen erakusgarri da proba hau. Horregatik gure aldetik horrelako ekitaldiak babesten jarraituko dugu”. Azkenik, korrikalari, boluntarioei eta antolakuntzari “zorte ona” opa die Goiturren partez.
“Ehunmilak eta Ternuaren arteko elkarlanaren oinarrian balio berdinak daude”
Gorka Sudupe. Ternuako ordezkaria
Goierriko Bi Handiak proba, Euskal Herriko Kopa Ultrako laugarren eta azken proba. Nesken artean Maddi Mujika urretxuarra dago lider. Beasainen erabakiko da koparen irabazlea. Mireia Figurosek azaldu duen bezala, “Ehunmiletako lantaldeari esker, distantzia luzeetan erreferente bihurtu da lasterketa hau. Eskerrik asko, oso harro gaude, eta segi horrela”, izan dira bere hitzak.
Datu aipagarriak
Ehunmiletako antolakuntzaren ordezkariak eman ditu aurtengo edizioaren datu aipagarriak. Gaurkoan publiko egin da ere, probaren ikurra diren kamiseten koloreak. Boluntarioen kamiseta, urdin argia edo Ternuako koloreen izendegian Maui Blue, izango da.
Kirol arloari dagokionean, urteroko hiru probak mantenduko dira, baina aurtengoan distantziak eta desnibelak eguneratu egin dituzte. Ehunmilak ultra trail probak kilometro gehixeago izango ditu aurten. 171 kilometro osatu beharko dituzte partaideek. Desnibela 10.500 metrokoa izango da. Goierriko Bi Handiak lasterketa 90 kilometrokoa izango da, eta 5.500 metroko desnibela izango du. Marimurumendi maratoia 42 kilometrokoa izango da eta 2.300 metroko desnibela izango du. Uztailaren 12an, 18:00etan abiatuko dira ultra traileko lasterkariak, egun berean 23:00etan abiatuko dira Goierriko Bi Handiak probakoak, eta igandean, hilak 14, goizeko 08:00etan aterako dira Marimurumendi maratoikoak.
“Gure lurraldearen erakusgarri da proba hau. Horregatik gure aldetik horrelako ekitaldiak babesten jarraituko dugu”
Ion Ubide. Goiturreko teknikaria
Parte-hartzaileen kopuruak zifra altuetan mantentzen dira: Aurtengo edizioan, guztira, 16 herrialde ezberdinetako 1.313 lagun daude izena emanda, hiru proben artean.
Probaz proba partaideak honela daude banatuta : 426 partaide Ehunmilak Ultra-Trail proban, 537 partaide Goierriko Bi Handiak trail proban eta 350 partaide Marimurumendi maratoian.
Emakumeen parte-hartzea zifrak goian mantendu direla azpimarra egin du. Iaz emakumezkoen parte-hartzean errekor historikoa ezarri ondoren, aurtengoan 134 emakumezko partaide izango dira, honela banatuta: 27 emakume Ehunmilak Ultra-Trail lasterketan, 44 emakume G2H trail lasterketan eta 63 emakume MMM maratoi lasterketan.
Ehunmilak Ultra-Trail proba taldekako modalitatean berriz, aurten 16 taldek eman dute izena, horietatik 3 talde mistoak dira eta talde bat guztiz emakumezkoez osaturikoa da.
Ibilbideei dagokienez, aurreratu du, markaketa lanekin hasita daudela. “Lan handia” izaten dela hori prestatzeko. “Kilometro asko dira, bidea garbitu behar da ere,…”. Lasterkarientzat balizko informazioa ere eman du. Ehunmilak osatzen duten hiru proben bidea webgunean deskargatu daiteke. Hori erabiltzeko eta markajeei kaso egitea gomendatu du Zubeldiak.
“Lan handia izaten da ibilbidea prestatzea. Kilometro asko dira, bideak ere garbitu behar dira….”
Andoni Zubeldia. Ehunmiletako antolakuntzako kidea
Bestalde, aurreko urteetan bezala, aurten ere korrikalarien zuzeneko jarraipena egin ahal izango da, geolokalizazio sistemari esker, Ehunmilak eta G2H lasterketetan. Lasterketaren egunean, ehunmilak.com webgunearen azalean agertuko da zuzeneko jarraipena egiteko esteka.
Webgunean sartuta aurkitu ahal izango dira ere Ehunmilak lasterketa ikustera eta lasterkariei laguntzera gerturatuko direnentzat informazio oso lagungarria, autobus zerbitzuen inguruan, eta bestelako zerbitzuen inguruan.
Ingurumenari garrantzia
Prentsaurrekoan aipatu bezala, ingurumenaren alde lanean jarraitzen du Ehunmilak lasterketako antolakuntzak. Hala, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Erronka garbia proiektuan sartu dira. Horri esker, Ehunmilak probak duen inpaktua neurtu ahal izango da.
Bestalde, aurten ere edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte anoa puntuetan.
Segurtasuna
Ehunmiletako antolakuntzak segurtasunari ere garrantzi handia eman dio beste behin ere. Hala, Gurutze Gorriarekin lankidetza mantendu dute. 25 inguru mediku eta erizain izango dira lanean, proba jokatuko den asteburuan. Gainera, fisioterapia eta podologia zerbitzua ere eskainiko dute.