«Errotatxo beharrezko tresnez hornitzen ari gara orain»
Manex Malkorra (Orexa, Gipuzkoa, 2000) urte hasieran hasi zen Mutiloako Errotatxon lanean. Udalak LurLab Mutiloa egitasmoa martxan jartzeko kontratatu du. Abendura arte arituko da.
Nola suertatu zitzaizun Errotatxon lan egiteko aukera?
Arkitektura masterra amaitzen ari nintzela irakasle baten bitartez jakin nuen lan eskaintzaren berri. LurLab egitasmoa ezagutzen zuen eta ni ere herri txiki batekoa izanik, Mutiloan lan egiteko profil egokia izan nintekeela esan zidan.
Zeintzuk dira zure egitekoak Errotatxon?
Errotatxo 2022an inauguratu zuten. Iazko ikasturtean LurLab Mobile egitasmoa gauzatu zuten bertan, proba moduan. Gustatu egin zitzaien eta aurten, LurLab Mutiloa egitasmoa finkatu dute bertan. Hileko lehendabiziko astean egiten da. LurbLab Mutiloa fab lab hau martxan jartzeko kontratatu ninduten, batetik. Bestetik, udalaren asmoa da Errotatxo eraikinari zentzu bat ematea eta herritarrentzako erabilera anitzeko espazio bat sortzea. Herritar talde batek gimnasia saioak egiten ditu astero, adibidez.
Zein momentutan dago LurLab Mutiloa egitasmoa?
Errotatxo beharrezko tresnez hornitzen ari gara. CNC fresagailua eta 3D inprimagailua badauzkagu, baina oraindik espazioa ez dago erabat egokituta. Momentuz, hilean behin irekitzen dugu Errotatxo LurLabeko erabiltzaileentzat. Bitarte honetan, Ataungo LurLab egitasmoa ezagutzen ari naiz, tresnen funtzionamendua ikasten, gero Mutiloan irakatsi ahal izateko.
«Udalaren asmoa da Errotatxo eraikinari zentzu bat ematea eta herritarrentzako erabilera anitzeko espazio bat sortzea»
Zer da LurLab?
Fabrikazio laborategi bat edo fab lab bat da. Helburua edonork edozer egin ahal izateko espazioak ahalbidetzea da. LurLabek tresnak eta espazioak eskaintzen ditu, elkarlanean baliabide ezberdinak erabiliz norberak nahi duena egin dezan. LurLaben berezitasuna da, espazio urbanoetatik aparte dauden landa eremuetan eskaintzen duela jarduera hau. Zentro espezializatuetatik haratago, teknologia berriak kolektibizatu eta edonoren eskura jartzen ditu.
Zer da orain arte egin duzuena, adibidez?
Ekainean, adibidez, ogia egiten ikasteko saio bat izan genuen, haurrei eta helduei zuzendutako hidroponia ikastaro bat ere egin genuen [lurrik erabili gabe landareak hazteko teknika bat da], eta mutiloar batek xaboia egiten ere irakatsi digu.
«Jendearengana gehiago gerturatzea bada etorkizunari begira daukagun erronketako bat.»
Zein berezitasun ditu Mutiloa bezalako herri txiki batean lan egiteak?
Orexakoa izanik badakit zer den herri txiki batean bizitzea. Herri txikietan elkarlanak eta parte hartzeak garrantzia handia du egunerokoan. Mutiloan ere, LurLaben araberako ikastaroak egin izan ditugunean, jendeak erantzuten du. Gehiago kostatzen zaie, adibidez, jarduerarik gabeko egunetan gerturatzea. Aste honetan, adibidez, nahiz eta jarduera zehatzik ez den eskainiko, Errotatxo irekita egongo da bertan dauden tresnak nahi dituenak erabili ahal izateko. Jendearengana gehiago gerturatzea bada etorkizunari begira daukagun erronketako bat. Bertakoa edo kanpokoa izan, jendea animatuko nuke gerturatzea.
Gustura zaude esperientziarekin?
Lan honek jarduera, proiektu eta gauza ezberdinak egiten dituen jendea ezagutzeko aukera eman dit, xaboia egiten duen bat, elektronika eta robotikan aditua den beste bat, egurrarekin lan egiten duena… Hori da politena, arkitekto bezalako lan batean ez nuke, ziurrenik, egunerokoan hainbesteko aniztasunik edukiko.