Oroitzapen minduak historiaren tabernan
Legorretako sei herritar indarkeriaren biktima gisa aitortu dituzte, 1975ean jasan zituzten torturengatik. Batek kalte-ordaina ere jaso du, eta bazkaritara gonbidatu ditu besteak. Zauriak ixteko otordua izan da, erreparaziozkoa. Jasota geratzekoa.
Herrikideen arteko otordu bat izan zitekeen, beste edozein bezalakoa. Ostegun eguerdian, Legorretan (Gipuzkoa). Baina otordu sentitua da. Joxe Lasak gonbidatu ditu bazkaritara bost herrikide. Erantzukizuna sentitu du: Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortu ditu seiak, eta Lasak kalte-ordain ekonomikoa ere jaso du. «Diru hori denena jotzen dut nik, ez nirea bakarrik». 1975ean atxilotu zituzten seiak, eta torturatu. Lasa espetxean ere egon zen, Legorretako paper lantegiko grebaren harira. 91 urte dauzka. Ordutik 50 urte betetzear direla, eta biktima izendatuta, erreparazio gisako otordua izan da, gertatutakoak oroitzekoa, eta etorkizunari begira jartzekoa. Ondorengoek ere jakin dezaten zer gertatu zen.
Sei legorretarrek joan den urrian eman zuten testigantza Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordearen aurrean. Apirilean iritsi zitzaien ebazpena: batzordeak aho batez proposatu zuen seiak motibazio politikoko biktima izendatzea, eta hala egin du Eusko Jaurlaritzak. Gutun bat ere igorri die Giza Eskubideetako sailburuordeak, Jose Antonio Rodriguez Ranzek, eta hau dio, besteak beste: «Oso berandu iritsi den arren, merezitako aitortza da, eta espero dut jasandako bidegabekeria eta sufrimendu handiaren ordaina izatea, neurri batean behintzat». Batzordearen txostena helarazi diete, eta emandako testigantza, bideo batean.
Prozesua ixteko azken pausoa izan da otordua. «Elkarbanatzekoa», Lasaren esanetan. Ez dira biktima izendapena jaso duten legorretar bakarrak: seiak joan ziren urrian batzordean deklaratzera, baina aurrez ere izan ziren beste batzuk. Hamarkadetako zauriaren ikur.
Paper lantegiko greba
50 urte atzera. Legorretan bazen paper lantegi handi bat, Echezarreta, eta hango langilea zen Lasa. «Sindikatu Bertikala zegoen orduan. Ni luzaroan egon nintzen zinpeko modura. Sindikatu Bertikalean parte hartuz esperientzia handia jaso nuen han gertatzen zenari buruz». Gazte jendea sartzen hasi zen enpresan. «Ikusi zuten zer girotan bizi ginen lantegi hartan. Esan zuten hori ezin zela onartu, eta sindikatuaren aurka borroka egin behar zela». Asanblada bat antolatu zuten, eta grebara jotzea erabaki zuten langileek. 1974ko abendua.
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.