UGLEko ikasleen fabrikazio adimentsua
UGLEk Fabrikazio Adimentsua Lanbide Heziketako masterra eskaini du ikasturte honetan. Ikasleek hainbat proiektu landu dituzte enpresetan.
Ikasleek eta ikastetxeek XXI. mendeko erronketara egokitu beharra dute eta hori da, hain zuzen ere, UGLE Urola Garaiko Lanbide Heziketa eta bere ikasleak egiten ari direna. Horren adibide da bukatu berri den ikasturte honetan eman duten Fabrikazio Adimentsua masterra. Zazpi ikaslek parte hartu dute eta inguruko enpresetan proiektuak garatu dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketa sailburuordetzak UGLE masterrak emateko aukeratu zuen eta ikastetxean eman duen lehen masterra Fabrikazioa Adimentsukoa da. Masterrak puri-purian dauden gaiak lantzen ditu: birtualizazioa, errealitate mistoa, robotika aurreratua, ikusmen artifiziala eta gauzen Interneta, adibidez.
Master edo espezializazio ikastaro hauen helburua goi mailako titulua dutenek gaitasun gehiago lortzea da. Iraupena bederatziehun ordukoa da eta orduen %50 enpresetan ematen dute. Lehen promozioko ikasleek, irakasleek eta enpresek balorazio positiboa egin dute. Zazpi ikaslek parte hartu dute eta amaitu ondoren horietako seik egindako lanaren berri eman diete Goierri garaiko enpresetako ordezkariei, fabrikazio adimentsuaren onurak ezagutu ditzaten.
Ekaitz Vianak, adibidez, Olaberriako ArcelorMittal enpresan garatu du bere proiektua. Enpresak pieza batzuen jarraipena egin nahi zuen irudi bidez eta Vianak adimen artifiziala erabiltzen duen programa bat garatu du pieza horien identifikazioa hobetzeko. Kathielly Rodriguez, berriz, motorretako estatoreen fabrikazio prozesua hobetzeko lan egiten ari da. Ikusmen artifiziala bezalako teknologia berriak txertatu behar ditu produkzio prozesua hobetzeko.
Iker Uzin Fabrikazioa Adimentsuko masterraren arduraduna gustura ageri da. “UGLEn denbora asko daramagu 4.0 industriako teknologiekin lanean, enpresekin batera. Horri esker, 4.0 laborategia prestatu ahal izan dugu. Bertan, masterreko ikasleei eskolak eman eta teknologia berri hauek eskaintzen dituzten aukerak erakutsi dizkiegu. Gainera, ikasleek laborategi hau beraien proiektuak garatzeko erabili dezakete. Enpresen esku ere badago”.