«Arratsalde polit bat pasatzea da helburua, ondo pasatzea»
Ordiziako skate parkean Txindoki Views skate festa izango da gaur arratsalde-iluntze partean, 15:00etatik aurrera. Skate lehiaketa-ikuskizunaz gain, musikak ere toki berezia izango du.
Iraia Escobar ordiziarrak eta Peru Saez de Urabain zaldibiarrak orduak pasatzen dituzte skate gainean, Ordiziako Txindoki skate parkean zein ingurukoetan. Gaur, lehenengo aldiz, Txindoki Views skate eta musika festa antolatu dute, Ordiziako gazte asanbladarekin batera. Skate ikuskizunaz gozatzeko aukera eman nahi dute, bai praktikatuz bai ikusiz.
Zer da Txindoki Views?
Iraia Escobar: Hasteko, 15:00etatik 20:00etara skate txapelketa bat egingo da eta Patapalo Dj-ak girotuko du giroa. Barra bat ere jarriko dugu. Ondoren, 20:00ak aldera kontzertuak hasiko dira skate parkean bertan: La nueva sangre, Errka Raptor, Lil Kyubid, Kid Icaro eta K3 taldeak. 22:00etatik aurrera, gaztetxean jarraituko du festak. Balloon Frame taldearen kontzertua eta Uwaprods dj-a izango dira.
Ze lehiaketa mota izango da?
Peru Saez de Urabain: Skatejam txapelketa da. Hau da, jendea patinatzera etorriko da egun normal batean bezala, baina dj saioa, kontzertuak… egongo dira. Edozeinek parte hartu dezake. Ni egongo naiz speaker bezala eta bitartean sari desberdinak banatzen joango naiz. Jokoak irabazten dituztenek izango dute saria baina gehiago ere izango dira. Beste gauza batzuk ere hartuko dira kontuan.
Lehenengo aldiz antolatu duzue?
Saez de Urabain: Bai. Skate parke honetan lehiaketa desberdinak egin izan dira duela bospasei urte. Baina harrezkeroztik skateparkea hilda bezala egon da. Jende gutxik patinatzen zuen. Gu hasi ginen patinatzen, belaunaldi berria garela esango dugu. Baina guk hemen ez dugu inoiz ere lehiaketarik ezagutu eta gu geu kanpora joaten gara. Tolosara, Pasaiara, Martutenera… Ikusten genuen beste toki batzuetan ondo ateratzen direla eta guk beste bat egitea pentsatu genuen.
Escobar: Hasieran zaila egiten da udalak ez duelako kasu handirik egiten, ez gaituzte oso serio hartzen. Eta guk bakarrik antolatzeko elkarte bat osatu beharra daukagu, bidean doa. Lortu bitartean Ordiziako Gazte Asanbladarekin egitea erabaki dugu.
Zein da helburua?
Escobar: Arratsalde polit bat pasatzea, jendeak ondo pasatu dezala. Helburua ez da onena zein den erabakitzea. Skate mailako talentua erakustea baizik, eta aldi berean kultura aldetik artistak ezagutzera ematea. Urtetik urtera maila handiagoko jendea ekartzea nahiko genuke sari potoloagoak jarrita.
Jarraipena izango duela dirudi.
Saez de Urabain: Hori nahiko genuke, gainera guk antolatuko genuke dena, skate parkean bertan, eta udalaren parte hartzearekin…
Escobar: Ikusi egin beharko dugu ze laguntza izango dugun. Guk musu-truk egiten dugu hau dena. Gure lagunentzako, herriarentzako egiten dugu hau, ondo pasatu dezaten..
Zuek skatean ere ibiltzen zarete. Basque Team-ekin ere aritu zinen Iraia. Jarraitzen duzu?
Escobar: Ez, desbinkulatu egin nintzen. Nire skate-a ez da horrelakoa. Joko Olinpikoetara joatea ez da helburua. Ez naiz horrekin hazi eta arraroa da niretzat. Nire kabuz ibiltzen naiz. Inguruko lehiaketetara joaten gara.
Saez de Urabain: Federazioa sartzen da tartean eta elitismo puntu bat badago. Nahiago dugu lagunekin patinatu, gure bideoak egin, eta ondo pasa eta etortzen direnei ondo pasarazi.
Inguruan mugimendurik badago skaterako?
Saez de Urabain: Zerbait bai, baina ez Madril edo Bartzelonan bezala. Hemen ez dago hamabost egunean behingo lehiaketarik, adibidez, han bezala.
Escobar: Gipuzkoa aldean ez dago hainbesteko afanik. Bilbon bai, hiru skate eskola daude. Hala ere, beste mentalitate bat da hori. Gure helburu disfrutatzea da, gure kabuz egitea… Konpetibitate hori galtzea. Hotza bihurtzen da.