Irisgarritasun Plana berritzen hasteko herritarrei deialdia egin die Legazpiko Udalak
Bilera bat egingo du hilaren 9an, asteartea, Agirre-etxeberrin, 17:30ean. Indarrean dagoen plana duela 20 urte idatzi zen.
Legazpiko Udalak Irisgarritasun Plana eguneratu nahi du, eta hasteko saio ireki bat egingo du herritarrekin eta eragileekin datorren asteartean, hilak 7, Agirre-etxeberrin 17:30ean.
Irisgarritasun Planak 20 urte baino gehiago ditu, eta gaur “gizartearen beharrizanak asko aldatu eta sentsibilizazio maila handitu” denez, plan hori berrikustea eta eguneratzea erabaki du udalak.
Plan horretan, herriko kale eta eraikin publikoen irisgarritasun maila ebaluatzeaz gain, beste hainbat esparru ere landuko dituzte, besteak beste, hezkuntza, kultura, aisialdia eta jaiak, kanal anitzeko herritarrentzako arreta edo informazio eta komunikazio sistemak. “Guzti horrek balioko du etorkizunean alor horietan egin beharreko hobekuntzak identifikatzeko eta lehenesteko”.
Planaren berrikuntzan, udal teknikarien nahitaezko inplikazioaz gain, herritarren eta eragileen parte hartzea nahi du udalak, eta horretarako deitu du datorren asteko saio irekia. “Lanaren lehen aurkezpena egiteko baliatuko da, aztergaiak, irizpideak eta faseak azalduz, eta lehen ekarpenak jasoz”.
Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integrala idazteko Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren 31.025 euroko diru laguntza lortu du udalak.