Unax Urtegi, hamabi egunetan mendi bizikletan Pirinioak bakarrik zeharkatu dituen legazpiarra
Erronka pertsonal bati erantzunez, mendi bizikleta hartu eta hamabi egunetan Pirinioak alde batetik bestera zeharkatu ditu. Bakarrik egin du mila kilometroko bidea.
Unax Urtegi Soraluzek (Legazpi, 2002) mendia eta mendiko bizikleta ditu gustuko txikitatik. Igandean, bi afizioak uztartuz egin duen ibilaldia amaitu zuen: alde batetik bestera zeharkatu ditu Pirinioak 12 egunetan, mendi bizikletan, eta bakarrik.
Erronka pertsonala bat izan dela azaldu du Legazpiko gazte honek. «Iazko azaroan, Gaztetxean Legazpiko Mendi Astea egiten ari ginela, udan zerbait egin behar nuela pentsatu nuen, eta mendiko bizikletentzako Transpirenaica egitea erabaki nuen, lagun batzuk berotuta». Eta bakarrik gainera, «neure buruari egindako erronka bat zen».
Transpirenaica egiteko, Jordi Laparrak mendiko bizikletentzako egindako gida hartu zuen oinarri, baina bere erara moldatuta. «Berez, 17 etapatan egitekoa da, eta mendi bizikletan ibiltzen ohituta dagoen edonori zuzenduta dago. Baina ni egoera fisiko onean nengoen, eta etapa batzuk luzatuta, 12ra jaitsi dut ibilaldia». Guztira 1.000 kilometro egin ditu, eta 26.000 metroko desnibel positiboa gainditu du.
Hamaika kontu, hamabi egunetan
Beharrezko prestaketak eginda, «gutxi, egia esan», eta bizikletari erantsita «higienerako eta arropaz aldatzeko minimoa» zuen poltsa txiki bat hartuta, ekainaren 17an abiatu zen Donostiatik Bartzelonara, autobusez. Han trena hartu, eta ibilbidearen hasiera puntua den Llança kostaldeko herrira joan zen. «Mediterraneo eta Kantauri itsasoen arteko bidea da, eta Hondarribian amaitzen da».
Hamabi egun behar izan ditu horretarako, bidean aterpeetan eta hoteletan lo eginda. «Egun batetik bestera hartzen nuen lo egiteko tokia, internetez. Ez dut arazorik izan horretan, beti topatu dut tokia, nahiz eta batzuetan etapa amaitu nahi nuen lekutik ondoko herrira joan behar izan dudan. Gosaldu eta afaldu lo egindako herrietan egiten nuen, eta biderako, zerbait erosten nuen dendan, eta horren barruan, gomazko gozokiak ezinbestean. Atseden hartzeko tabernaren batean geratuz gero, pintxoa eta Coca Cola ere hartzen nituen. Goserik ez naiz ibili!».
Batez beste 75-80 kilometro egin ditu egunero, «askotxo da, egia esan». Mendi pistetan ibili da batez ere, baina baita errepideetan eta bidezidorretan ere. Ibilbidearen %95 bizikleta gainean egiteko modukoa dela dio legazpiarrak, eta gainerakoan, «tarteka bizikletari tira egin behar diozu».
«Egun batetik bestera hartzen nuen lo egiteko tokia, internetez. Ez dut arazorik izan horretan, beti topatu dut tokia»
Bide hau egiteko aukeratu dituen garaiagatik, ez du jende askorekin egin topo. «Kataluniar batekin elkartu nintzen behin, aurretik bidea eginda zuen, eta aholku batzuk eman zizkidan, zein bide jarraitu, non egin lo eta horrelakoak. Sort herrian, berriz, kuadrilla txiki batekin egin nuen topo, eta haiek ere abentura batzuk kontatu zizkidaten». Bestalde, eguraldia lagun izan du, bi etapetan izan ezik: «Hirugarren etapan kristoren zaparrada bota zidan, eta azkenean, Orreagatik Hondarribira artekoan egun osoan egin zuen euria».
Hondarribian amaitzen da Transpirenaica, baina Urtegik Iruneraino luzatu zuen, han trena hartu eta etxera itzultzeko. Trenean, ordea, Brinkolaraino joan zen, hango Armuño elkartean gurasoekin eta haien lagunekin bazkari berantiarra egiteko, eta lehen inpresioak konpartitzeko.
Bat amaitu, eta hurrengoari begira
«Bakarrik egin ditut 12 egun, eta batzuetan larri ibili naiz, matxurak edo tarteko, baina oso esperientzia ona izan da, ondo etorri zait neure buruarekin bakarrik egotea».
Oso gogorra izan dela dio, atseden hartu behar izan duela amaieran, baina hurrengo abenturari begira hasi da, Teruel aldeko Montañas Vacias ibilbidea. «Espainiako Laponia deitzen diote paraje horri, nahiko bakartia delako. 600 kilometro dira, eta mendi bizikletarekin egitekoa da hori ere».