Larunbat bat baserrian
Urtean behingo bisita egin du herritar multzo batek Ordiziako Arramendi baserriko behi-esne ustiategira, Enba nekazari elkartearen 'Ongi etorri baserrira' ekimeneko jarduera batean. Behien hazkuntzaz, zaintzaz eta esnearen ekoizpenaz xehetasun guztiak eman dizkie Jose Ramon Artsuaga abeltzainak.
Mendirako eta hondartzarako girorik ez, eta baserrira joatea erabaki du, gaur, jende askok. Enba nekazari elkartearen Ongi etorri baserrira ekimenak eman die horretarako aitzakia eta gonbita. Gipuzkoako hainbat baserri, ganadu haztegi eta lehen sektoreko ekoizpen gune bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaini die, atzo eta gaur, 2014an hasitako hurbiltze jardueran. Atzo, Zerainen Ariztizabal baserriko basoa eta zurezko bizikletak egiten dituzten Txirbil tailerra ikusteko aukera izan zen. Gaur, Gipuzkoako 11 baserritan zeuden bisitak. Tartean, Goierriko bitan: Joseba Intsausti artzainaren Esnaurreta bordan, Aralarren; eta esne-behiak dituzten Ordiziako Arramendi baserrian.
Goizeko hamaiketarako, baserriaren atarian zeuden 26 lagun. Familiak haur txikiekin gehienak, baserriaz eta bertako zereginez gehiago jakiteko gogoz denak. Jose Ramon Artsuaga nekazariak egin die harrera, eta behiak dauzkaten pabiloira eraman ditu guztiak. “Usain txarra dago, ezta?”, esan die, inork ezer esaterako. Zimaurrarena. Berehala argitu die baserriko larreak eta belardiak ongarritzeko ezinbestekoa dela.
Behien hazkuntza esplikatu die Artsuagak. Orain dela 15 urtera arte, behiak eta ardiak zeuzkaten, eta anaiekin batera gobernatzen zituen. Bera geratu zen langintzaren buru, eta esne-behiak bakarrik dauzka gaur egun. 06:30erako jaikita zegoela esan die bisitariei, behiak egunean bi aldiz jetzi behar izaten baitira, goizean goiz eta gauean. “Bi egunez behin etortzen da kamioia, esnea Urnietara edo Iruñera eramateko. Behi bakoitzak eguneko 34 edo 35 litro esne ematen du, batez beste”, zehaztu du. Umea egitea, ernaltze garaia, antzutzen direna… ziklo osoa kontatu du.
Gaurkoa bezalako freskurarekin arazorik ez badago ere, 30 gradutik gorako beroarekin behiek asko nozitzen dutela ere esan du. Horrelakoetan, behiak hobeto egon daitezen, ukuiluaren sabaian haizagailu erraldoiak eta ur lurruna botatzen aspertsoreak dauzkate. Udan larrean kanpoan ibili ohi badira ere, gaur barruan zeuden gehienak.
Elikaduraren garrantzia ere azaldu die abeltzainak bisitariei. Behi bakoitzak egunean pentsua, artoa, belarra eta lasto pixka bat behar dituela adierazi die, bakoitzetik ematen dizkieten kiloak ere zehaztuta. Nutriologo aditu batek analizatzen ditu jatekoaren balio energetikoak eta kopuruak. Pentsua kanpotik erosten badu ere, gainerako ia guztia etxeko erabiltzen dute Arramendin.
Traktorera igo, zaldi txiki bat ikusi, behiek belar ondua nola jaten duten eta egitekoak nola egiten dituzten ikusi… Begirik kendu gabe ibili da bisitari multzoa Arramendiko instalazioetan.