Zegamako txistu soinuak ez dira isildu
Bigarren urtez, herriko txistulariak elkartu dira Zegaman. Gaur egungo taldekoek goiz eresia jo dute lehenbizi, eta garai batean ikasitakoak eta ibilitakoak batu zaizkie ondoren, kalejiran ibiltzeko.
Zegamako Txistularien 2. Eguna ospatu dute, gaur. Garai batean txistua jotzen ikasi zuten herritar ugari batu zaizkie oraingo taldea osatzen dutenei, eta guztiek elkarrekin astindu dituzte aire zaharrak. Herrian, musika tresna hori ikasteko aukera zela bakarretakoa oroitu dute, eta neska-mutiko mordoa hasten zen txistua ikasten.
Joxe Larrea Joxe Elizondo maisuarekin ikasitakoak dira gaurko festara etorri diren txistulari beteranoenak. Elizondo etxean erakusten zuen, dedikazio eta zorroztasun handiarekin. Lehenbizi, bizpahiru urtean solfeoa ikasten zuten haurrek, azaldu du 1973an hasi zen txistulari batek. Ondoren, txistuari heltzen zioten. Atabala ere erakusten zuen Joxe Elizondok. Entseguak, profesionalen pare, asteko sei egunetan egiten zituzten: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 19:30era, eta larunbatetan 10:00etatik 12:00etara. “15-16 urterekin, ikastera kanpora joaten hasi ginenean, jada zapatuetan bakarrik joaten ginen; baina, ordura arte, egunero-egunero”, oroitu dute.
Joxe Elizondo hil ondoren, Jabier Otaegi zenak hartu zuen txistu taldearen batuta, eta hura aritu zen Zegaman txistua erakusten. Beste bi zuzendari izan ditu harrezkero taldeak: Aitor Madina legazpiarra eta gaur egungoa, Rosa Iturriotz, azken 25 bat urtean.
Gaur egun 12 bat lagun dabiltza Zegamako txistu taldean, eta astean behin entseatzeko elkartzen jarraitzen dute. Urtean zehar, Zegaman bertan hamar-bat ekitalditan jo ohi dute: San Bartolome festetan, San Martin ferian, Arantzazuko erromesaldian, Erlezain Egunean, San Joan bezperan eta egunean…
Kezkatxoa ere agertu dute: azken zazpi urteetan ez zaie gaztetxorik edo gazterik hurbildu taldera. Musika-tresnak ikasteko eskaintza asko zabalduta dago, baina txistua ikasi eta jo nahi dutenei taldeak beso zabalik hartuko dituela gogorarazi diete.
Gaur egungo txistulari taldekoek 11:00etan jo dute goiz eresia, lehenbizi. 12:15ean, garai bateko txistulariak ere sartu dira –23 lagun elkartu dira guztira–, eta kalejiran ibili dira, leku jakinetan geldialdiak eginez. Plazan bukatu dute ibilia; taldeko argazkia atera, eta taldekide batek prestatutako paella bazkaldu dute, udaletxeko arkupeetan.